Sarrera

Gakoak

Trianoko Mendiak Enkarterriko parte dira eta XIX. mendean burdin mineral masa ikaragarriak zituzten, herri hizkeran hozkailuak deitutakoak. Zaina1 (hematites) aspalditik izan da oso estimatua, mea2 ugari eta zikinkeria gutxi baitzituen, horretaz gain, lur azalean zegoen, alegia, berau ateratzeko,ez zen baliabide garestirik behar, ez eta galeria arriskutsurik ere, etxeko lanabesak erabiliz atera zitekeen, esaterako, barraz eta arrasteluz.

Eskualde honetako mendiak komunalak ziren eta Enkarterriko Foruari3 lotuta egon dira; Foruen arabera, argi eta garbi, Enkarterriko bizilagunek bakarrik zuten bertako baso, abere eta meatzeak4 ustiatzeko eskubidea, eta debekatuta zegoen mea esportatzea. Antzina-antzinatik, bertako meatze barrutietan5, zainaren langintzan hartu dute parte Enkarterritarrek, eta minerala Barbadún ibaiko meatze portuetara garraiatu dute, bai eta Galindora ere, Ugarteren ibarrean. Eta kai horietatik arrainontzi txikietan Kantauriko Kostaldeko hurbileko burdinola6 guztietara bidaltzen zen, kabotaje nabigazioz, Bayonatik (Galizia) Urdaxeraino, San Salvadorreko Monasterioraino (Nafarroa).

Industria Iraultza tarteko (XVII. mende amaiera), zain hauek balio handia hartu zuten, kalitatezko burdina asko eskatzen baitzen, batik bat, Ingalaterrako siderurgien aldetik, baina foru protekzionismoak meatzeak modu askean ustiatzea eragozten zuen.

XIX. gizalditik zaina erauzi eta esportatu zuten meatze konpainia aurreratuak izan ziren,baina Bigarren Karlistada bukatutakoan (1872-1876) nabarmenki biziagotu zen zainaren erauzketa. Trianoko Mendietako zainak Enkarterri eskualdeko barrualderantz luzatzen dira (Galdames, Sopuerta, Artzentales) eta kostalderantz Kantabriarekiko mugetarantz (Pobeña, Cobaron).

Ia-ia ehun urtez, Pobeña-Cobaron Meatze Esparruaren historia idatzi zuen meatzaritzak, etengabe ustiaketa berriak agertzen ziren, eraikin berriak, ondorioz, beti ari ziren aldatzen bai paisaia bai biztanleak, hori horrela, ez dago garai haietako argazki finkorik. Javier Gandarillasen irudi bikainek meatzetako biztanle eta ustiaketak irudikatu eta testuak argitzen dituzte, baina etengabeko eraldaketen ondorioz, ezinbestean, tarteka, eraikuntza zaharrak instalazio berrien artean ezkutatzen dira.

Lortu beharreko helburuak ahaztutako historiaren pasarteak berreskuratzea eta kontserbatutako kiskaltze labeen, garbitegiaren eta Campomarreko Gazteluko kargalekuaren meatze aztarnak azaltzea dira.

Gure meatzaritzaren iragana kontatzeko, Pobeña- Cobaron Meatze Esparruko meatze desberdinetan lan egin zuten eta herri hauetan bizi izan ziren adineko pertsonei egindako elkarrizketetan bildutako oroitzapen kontrastatuak lehenetsi ditugu7.

Pobeña-Cobaron Meatze Esparrua bere testuinguru geografiko eta historikoan kokatuz ipiniko dugu abian lan dibulgatzaile hau, meatze balentria ikaragarri hartako hasierako egoera soziala eta abiapuntua konprenitzeko.


Oharrak

  1. Vena (euskaraz, zain). Antzinatik erabilitako izena, Trianoko Mendietako zain meategi erraldoietako mineralaren kolore gorrixkatik etorria. Berton hainbat burdin mineral mota ustiatu zituzten: oxidoak (hematiteak), zain (%80ra arteko legearekin) eta kanpanil (%75eko legearekin) izenekoak, eta errubio izeneko hidroxido bat mea gutxiagorekin (%60). Behin horrelako burdinak agortu eta gero, karbonatoak ustiatzen hasiko ziren (siderita, %40ko legearekin bakarrik), eta karbonato hauei inoiz ez zitzaien zaina deitu; gainera, haien mea edo legea igotzeko asmoz, kiskaltzeko labeetan murrizketa prozesu bat jasan behar zuten.

  2. Mena (euskaraz, mea). Burdinaren portzentajea, legea ere deitua. Horrela, mineral guztiek mea eta ganga dituzte, azken hau soberakina edo erabilezinezko zatia izanik. Ez da erdarazko venarekin nahastu behar.

  3. Enkartazioak. Bizkaia mendebaldean kokatuta dagoen eskualde zabala. Zenbait haranek osatzen dute, besteak beste, Somorrostro Haranak (barruan, Ezker Ibarra eta Meatzaldea hartzen dituela). Enkartazioak, geografikoki, Barakaldotik Lanestosaraino eta Santurtzitik Gordexolaraino zabaltzen dira. Mende askotako historia dute eta betidanik burdin meategi erraldoiek markatuta daude, orain dela gutxi agortu arte ustiatuak izan direnak. Enkartazioek euren Forua eduki zuten, 1394koa, non antzinatik Enkartazioetako herritarrak gidatzen zituzten usadioak eta ohiturak bilduma batean jaso baitzituzten, eta Batzar Etxea ere Abellanedan kokatzen da (gaur egungo Enkartazioetako Museoa).
    Betidanik merkataritzarako garrantzi handikoa izan dela, Bizkaiari lotu baino lehen, 1199an Bortedoko jaunak Balmaseda hiribildua eratu zuen; 1287an, Bizkaiko Andreak eta Jaunak Lanestosa hiribildua eratu zuten, Gaztelako mesetatik kostalderako merkatarien igarobidea babesteko; eta 1322an, Bizkaiko Andreak Portugalete hiribildua fundatu zuen, itsasadarretik mineralaren garraioa sustatzeko eta billetariei bidesaria ordaintzeko egoitza izateko. Barakaldok 1366an Enkartazioetako kide izateari utzi zion, Bizkaian elexate bihurtzeko, eta Villaverde Harana XV. mendean sari gisa eman zioten Santxez Abellanedakoa jaunari. XVIII. mendeko azken hamarkadetan eta XIX. mendeko lehenean, Enkartazioetako haranak, errepublikak eta kontzejuak banaka Bizkaian sartu ziren.

  4. Meatzaritza. Enkartazioetan, burdin mineralaren erauzketaren bilakaerari gertakizun politikoek eta Europako siderurgia indartsuenen presioek bete-betean eragin zioten. Mende askotan, bertoko herritarrek, Foruaren babespean, askatasun osoz guztion jabetzako herri mendietan zaina (lege handieneko oxidoak) atera zuten, olak hornitzeko. Meatzaritza (Enkartazioetan venaqueria deitua) jarduera honek eskualdeko abeltzaintzanekazaritzako ekonomia ahulari laguntza garrantzitsua ekartzen zion, baina, aldi berean, gurdizainei, tratulariei, errenta hartzaileei eta kabotai ontziei ere ekartzen zizkien etekinak. Foruak indargabetu ondoren (1876an) eta lur eremuak liberalizatu ondoren, atzerriko eta bertako konpainiek lasterka oxidoak ustiatu eta esportatzeari ekin zioten, jarduera horren hondakinak botatzeko eskonbrotegi handiak sorraraziz (1876-1890). Zaina agortu eta gero, karbonatoak ustiatzen hasiko ziren eta, mea igo eta ezpurutasunak ezabatzeko helburuarekin, kiskaltze prozesua jasan beharko zuten. Hala ere, gainera, garbitegiak ere eraiki zituzten eta hauetan lehengo ustiakuntzek lagatako eskonbrotegietako buztinak desagerrarazten zituzten, potentzia handiko tromeletan. Horrela, lurrak garbitzearen bidez, lehen ustiakuntzan alferrik galdutako oxidoak ere berreskuratu ahal izan zituzten (txirtak), horrelakoak kiskaltzeko prozesutik igaro barik (1910-1970).
    Eskualdean, guztira erauzitako tona mineralaren kopuruak zehazteko ez dugu inolako datu zehatzik eskura, baina gutxi gorabeherako datu gisa, 1931n Bizkaiko Meatze Ganbara Ofizialak argitaratutako Meatze Aldizkarian (Boletín Minero) agertutako informazioa aipatuko dugu: «Askok ez dute gure itsasadarreko kargalekuetan kargatu eta gure portutik atera diren tona mineralaren kopurua ezagutuko. 1860 urtetik hona, kalkulatu dezakegu atzerrirantz 175 milioi tona burdin minerala atera direla».

  5. Meatze esparruak eta zain meatzaritza (Enkartazioetako hizkeraz, venaquería). Familia ugarik, bakarka edo elkartuta, etxeko ekonomiari minerala lantzearekin laguntzen zioten, hau da, meatze esparruetan zaina ateratzearekin. Zain meategiak ugariak ziren, zaina lurraren azalean zegoen eta, horrexegatik, ez zen batere zaila izan zaina erauzteko meatze esparru bat urratzea.
    Meatze esparruak aire librean zeuden harrobi txikiak ziren eta bertan zaina erauzten zuten, azpiko kareharria ageri-agerian utzi arte. Zaina, beste burdin mota batzuekin alderatuta, molderraza zen, erraz atera ahal zuten, eta tresna gisa etxe guztietan zeuzkaten barra, pikotxa eta arrastelua bakarrik behar zituzten. Gaztainondozko lur otzaretan (terreros izenekoak, 35 kg ingurukoak) kargatzen zuten, segidan gurdiaren mahaitxoan deskargatzeko. Baina zaina lurretik ateratzeko toki hura aspaldidanik erabiltzen bazuten, beti zaina hartzeko puntua baino askoz gehiago izan ohi zen, eta, horregatik, jendeak denbora hobeto aprobetxatzen zuen, lurrean hobiak edo zuloak eraikiz egur-ikatza eskuratzeko eta, batzuetan, zaina ere egosten zuten, ezpurutasunak kendu eta kalitate (lege) hobeko eta prezio handiagoko mineral murriztua lortu ahal izateko. Hala ere, jarduerarik ohikoena zaina ateratzea eta hurbileko bide nagusiaren bazterreraino garraiatzea zen, bertan pilatuta uzteko, gurdizainek hantxe bertan bildu eta portuetaraino eraman zezaten.
    Meatze esparruak lantzea martxotik uztailera arte egin ohi zuten eta familia askok auzolanean egiten zuten urteko kanpaina hura, hau da, elkarri laguntza emanez. Urteko lanaldia amaitutakoan, jai txikiak egiten zituzten, «jeras» deituak (frantsesetik eratorritako hitza). Haietan, bazkari edo merienda alaiak ziren, auzolankideek gogo handiz espero zituzten eta gizartearen lotura indartzeko atsedenaldi eta jolasaldi gisa balio zitzaien.
    Zaina erauzten zutenak «venaqueros» (zainkariak) deitzen zituzten, eta, gainera, bai garraiatzen zuten gurdizainak, bai zaina deskargatzeko ibaietako portuak (Barbadún edo Galindo ibaien bazterretan), baita oletaraino garraiatzen zuten itsasontziak ere (Plentziako eta Mundakako ehun itsasontzitik gora).
    Mende askotan, venaqueria eta, oro har, zainari lotutako jarduerak gogoratzeko, herri jaiak ospatzen dira gaur egun: «Pobeña 1890» (Pobeña- Muskiz, uztailean) eta «Burdin Jaia» (Urdazubi-Nafarroa, agorrilean).

  6. Olak edo burdinolak. XVIII. mendearen amaieran, Bizkaian 180 ola ziren jardunean, Gipuzkoakoekin eta Arabakoekin batera, 294 gehitu arte. Ordurako haien urrezko aroa bukatua zen eta Industriaren Iraultzak meatzaritzan eta siderurgian eragingo zituen eraldakuntza garrantzitsuen atarian zeuden. Teknikari zegokionez, zaharkituta gelditu ziren. Gainera, uraren urritasuna zela eta, haien jarduna geldoago zebilen, neguan eta udaberrian bakarrik ibiliz. Artearen eta gurbitzaren egurrarekin egindako kalitateko egur-ikatza ere urria zen. Ikatza ekoizten zuten udalerrietako herritarren aldetik, olen hornikuntza lehentasunezkoa bazen ere, azkenean, egia esan, neurri handi batean beste merkatu errentagarriagoetara desbideratzen zuten.
    Kalkuluen arabera, ola hauetako zain kontsumoa urteko, gutxi gorabehera, «berrehun eta hogeita hamar mila kintalekoa zen, bakoitza lau arroatan zegoela», hau da, 10.580 Tona ingurukoa. II. Karlistada amaitu bezain laster, ia guztiz desagertuko ziren.

  7. Lekukotasunak. Pobeñako eta Cobarongo adineko jendearen oroitzapenei esker ezagutzen ditugu gaur egun ahaztutako pasarte eta gertaera historiko ugari. Adibidez, katetxoko bagonetak, Barbadún ibaian gora egindako zainaren garraioa, Campomarreko Garbitegian tromelak ibili zirela edo kiskaltze labeen jardunaren hainbat zehaztasun. Gainera, lekukotasun hauei esker, haietako asko orain dela berrogei urte baino gehiago jasotakoak, marrazkiak egin eta erabat ahaztutako zenbait aspektu historiko berreskuratu ahal izan ditugu.