IV kapitulua
Kolpatutako eskualdea
Gerra karlista-liberala bukatuta (1876), Foruak deuseztatuta, Trianoko Mendietako ustiaketa intentsiboa hasi zen.
Dolores Ibarrurik (1895-1989), Somorrostron borrokatu zen Ibarruriko karlista baten eta Soriako emakume ausart baten alaba, zehaztasunez laburbiltzen du Enkarterriko egoera, Foruetatik Liberalismorako igarobide hori, Erregimen Zaharretik Berrirako pausoa, Somorrostroko Bataila odoltsua igaroa zen, baina ez zeukaten ahaztuta.
«Oraindik lehortu gabe zeuden eroritakoengatik isuritako malkoak… herriarekin batere zerikusirik ez zuten gizon batzuek begirada goseti eta ikertzailez mendi, muino, zelai, mendixka eta sakanak ikertzen zituztenean… Krokisak marrazten zituzten, planoak altxatu, taketak sartu, mugarriak ipini, eta hizkera malapartatua zerabilten, honakoez aritzen ziren: konpainia anonimoak, jabetzak, kontzezioak, denuntziak, behartutako desjabetzeak, kapitalen inportazioa, eskulan merkea, mineralen ustiaketa, industrializazioa….
Beste mundu bat kolpetik erori zen eskualdean eta erabat aldatu zen eskubide publikoa, jabetza harremanak aldatu zirelako. Atzo hau guztia komuna zen; hori, berriz, familia batena; hango hura, beste batena… Gaur, dena da arraroa».
Eta kontatzen duenez: «Artzainek dagoeneko ezin dituzte mendi komunaletara eraman euren abereak han bazka dezaten, auzokoek ere ezin dute sutarako egurrik hartu udal basoetatik. Debekatuta dago. Bere etxerako bidea, jadanik ez da bidea. Jabego baten barruan erori da. Alanbre arantzadunez itxi dute eta alferrik dira protestak. Jabe berriek lurra salatu dute, oraindik bere gurasoen eta aitona-amonen aztarnak gordetzen dituen lurra. Lege berria egin da, eta lege berri horrek iritsi berrien eskubideak aitortzen ditu, eta herriari bere eskubideak kendu, erabilerarengatik eta ohiturengatik mende luzetan ezarri eta mantendu badira ere».
Doloresek eskualdeak bizi izan zuen aldaketa deskribatzen jarraitzen du: «Meatzetako zainetatik burdinola zaharretara edo Galindoko eta Somorrostroko txalupiloetara idien18 gurdi astunetan garraiatzen zen minerala, baina meatzetako ferrokarrilak gurdiak ordezkatzen ari dira; trenbideek, hegiak gurutzatuz eta mendiak zeharkatuz, garraio portuekin lotzen zituzten meatze eskualdeko bazter zokoratuenak, bai eta industria sidero-metalurgikoko eremuarekin ere, zeina aldi berean garatzen ari baitzen.
Herriko geografia apurtzen ari zen. Mendiak desagertzen ari ziren; Isurialdeak urratzen ari ziren; zelai eta soroak hondakinez betetzen ari ziren. Haranak eta muinoak berdintzen ari ziren; sakanetako eta amildegietako fondoak altxatzen ari ziren.
Plano inklinatuak zabaltzen ari ziren, lubakiak irekitzen eta zubiak altxatzen. Langileen auzoen gainetik aireko tranbiak igarotzen ziren, gaztainadi eta hariztiak baino gorago.
Dinamita leherketek, kable eta bagoien kirrinkek, tren-makinen hotsek eta pikotxen eta laztabinen kolpe etengabeek haranen geldotasuna urratzen dute, eta, irrikaz, ezinegonez eta asaldatzez betetako bizitza irakiten ari da, antzina mendi lasaiak izan ziren eremuetan, eta baserritarren bizileku izan ziren inguruetan langileen auzoak jaiotzen ari ziren, meatzetako auzoak, barrakoiz osatutakoak, despertsonalizatuak».
Doloresek margotzen duen irudi ilun honi erreka eta ibaietako kutsadura gehitu behar zaio, lurralde mugakideetako denboraldiko langileak auzoetan pilatzen ziren.
XIX. mendeko hirurogeigarren hamarkadako urteak dira, urte hauetakoak dira aterpetxeak, ohe beroak, saneamendurik gabeko auzuneak, etengabeko kolera agerraldiak, zizareak zeuzkan urdaia eta Vicente Blasco Ibáñezek «Intruso» lanean jasotzen duenez, giza-esplotaziorik iraingarriena. Bertako zaina erauzi eta eramateko lasterketa zoroaren urteak, «Burdinazko California» urteak, Manu Montero historialariak zuzenki adierazi zuen moduan.
Auzo jendetsu hauek sortzeak aurrekaririk gabeko basogabetzea eragin zuen, berotzeko eta janaria egiteko egurra behar zen eta gero eta urrunago joan behar zen egur bila. Gainera, gurbizti handiak desagertu ziren. Gurbitzaren egurrak, batez ere sustraiek, berotzeko ahalmen handia zuen eta, horrexegatik, egur-ikatza egiteko eta bapore galdaretako labeak pizteko guztiz egokia zen.
Zaina garraiatzeko portu “venaquero” izandakoak, olak zainaz hornitzen zituzten kabotai ontzi txikiak hartzen zituen.Oharrak
18. Gurdizainak. Meatzaritzako benetako protagonistak izan ziren hauek, gaur egun erabat ahaztuta dauden arren. Gurdia XIX. mendeko 60.eko hamarkadara arte, hau da, trenak agertu arte, garraiobide bakarra izan zen. Meatzaritza garatzeko, antzinatik ezinbesteko eginkizuna bete zuen, eskonbroak, burdin mea eta ikatza garraiatzeko, hasieran meatze portuetaraino (venaqueros), eta geroago meatze trenbideetatik hurbil gelditzen ziren kargalekuetaraino. Lehen gurdizainak Enkartazioetakoak bertokoak izan ziren, gero hurbileko beste eskualdeetakoak eta, meatzeen ustiakuntza gorenera heldu zenean, batez ere, Araba, Santander, Burgos eta Soriatik heldu zitzaizkigun. Hauen eginbeharrak pixkanaka-pixkanaka behera egin zuen, XX. mendeko 60.eko urteetan guztiz desagertu arte. Eskualdean aurkitzen ditugun euskal deitura gehienak, jatorrian, gurdizainen migrazio mugimenduetatik heldu zaizkigu.
Erabat ahaztu ditugun arren, badituzte aipamen ugari han eta hemen, gurdizainak asko eta garrantzi handikoak zirela gogorarazteko. Esate baterako, Juan Eustaquio Delmas kazetariak kontatu zuen, 1864an Bizkaiko Jaurerrian zehar egindako bidaian, nola ikusi zuen Trapagako San Salbatoreko bidea «burdin meaz tindatuta, eguneko ordu guztietan gurdiez eta zaldi, mando eta asto zamariez beteta agertzen da, balio handiko mineral hau Galindoko ontziratze lekuetara edo Ortuellako gordetegietara garraiatzeko».
Zainaren ustiakuntzarik goreneko urteetan (1876-1890), Soriatik etorritako gurdizainak asko izan ziren eta haien lan tresnak ere utzi zizkiguten: gauzak garraiatzeko zarana (serón), udan ibiltzeko alpargatak eta lurzoru bustietan edo lokatzez zikinduetan ibiltzeko zurezko txokoloak edo eskalapoiak.↩