XVIII. kapitulua
Meatzaritzako azken mugimenduak
Hainbat faktorek meatzaritzaren gainbehera azkarra eragin zuten. Gerra Zibilaren (1936-1939) etenaren ondoren, hondatuta zegoen meatzaritza bere onera etorri zen, baina neurri batean soilik. Europako potentziek autarkiara derrigortu zuten frankismoa, eta frankismoak burdin mineralaren eta kalitatezko ikatzaren eskasia arintze aldera, ustiaketak bizkortzeari ekin zion, errepublikako presoen artean eskulan merkea bilatuz. Presoak batailoietan kokatu eta meatzetan lan egitera behartu zituzten, presondegi erregimenean. Era berean, ikatz arroak ireki ziren Asturiasen eta Leonen; ikatz horrek, Europakoa baino kalitate txikiagokoa izan arren, estatuko siderurgiek funtziona zezaten balio izan zuen.
Konpainia batzuek XX. mendeko berrogeigarren hamarkadara arte funtzionatzen jarraitu zuten, baina Bigarren Mundu Gerrak meatzaritzako egoera larritu eta horrek itsasoko garraioa zaildu zuen. Gainera, Ingalaterrako siderurgiek burdin mineraleko hornidura berriak aurkitu zituzten iparraldeko herrialdeetan. Bitxikeria modura, Mioñoko kargalekuan sotoa betetzen ari zen bitartean Alemaniako urpeko ontzi batek ondoratu zuen Ingalaterrako zamaontzia aipa genezake.
Meatzaritza krisian sartu zen. 1963an, Amalia Vizcaínak bere jarduera eten zuen, eta El Castilloko kargalekua bertan laga zuen. Campomarreko Garbitegia 1945ean itxi zuten, bertako siderurgiek txatarra gisara baliatu zituzten egitura metalikoak, eta aireko tranbiako dorrexkak eraitsi zituzten, pieza guztiak zenbakitu eta Madril inguruan berriro muntatu ziren eraikuntzako legarra garraiatzeko.
Meatzaritzak aurrera jarraitu zuen, baina beheraldi motelean, eta meatzeak poliki-poliki Meatze Elkartean bildu ziren (Agruminsa), elkarte horrek Labe Garaien (AHV) eta Estatuaren eskuetan bukatu zuen, harik eta 1991ean Gallartako azken meatzea itxi arte.
Hoyoko meatzeak (Josefa) Cobaronen luzatu zuen jarduera, eta Labe Garaien bitartez kamioietan atera zuten minerala. Pobeñan meatzaritza jarduera txikiak izan ziren, hondarrak baliatu eta lurrak garbitu zituzten norbanakoen eskutik.
Pedro Izaguirrek, 1953 aldera, garbitegi bat eraiki zuen Valles inguruan, antzinako ustiaketek utzitako lubetetako minerala aprobetxatzeko. Eukaliptozko egur eta enborrez 6x15 metroko kargaleku koadrengular bat eraiki zuen, tobera itxurakoa, eta alboetako batean burdinazko txapa handi bat ipini zuen garbitzeko materiala bertatik irrista zedin. San Vicente familiaren zati bat (Conchita, Eliseo Casas bere senarra, Carín, Monín eta beste batzuk) zabortegian aitzurtzen aritzen ziren, Las Cuartas izeneko gunean, bi astoren saskietan lurrak jaitsi eta inprobisatutako garbitegian husten zituzten. Motouhaga batez ura atera, mahukaz zipriztindu eta ur buztintsua errekara botatzen zuten zuzenean. Materiala aukeratu eta txirtak soilik uzten zituzten; txirtak bide bazterrean pilatzen zituzten, kamioi txiki batean garraiatzeko.
Bestalde, Orconerako biltegia erosi zuen Benito Perez Ibarrondok, bere aldetik, denboraldi bat igaro zuen GMC kamioi batez Castañueloko estartatik azpiletan geratu ziren lur metak jaisten. Lurra deskargatu eta paduran garbitzen zituen, gaur egungo eskolen parean.
Sabino Lopez Anguisola ere zabortegiak ustiatzen ibili zen, Las Ganceas inguruan, «beroa» deitutako eremuan. Minerala idi gurdiz jaisten zuen, Areño guneraino. Oxido hauek, isurtegi zaharretatik berreskuratutako txirtak, errepidez garraiatzen ziren Labe Garaietaraino.
Urte hauetan arrakasta txikiarekin prospekzioa egin zuten norbanakoak ere aurki ditzakegu —Pobeñako Ignacio Espiro, adibidez—; hauek berunezko edo kalaminazko zainak bilatu zituzten Morenillon eta haustura gunean, Valles inguruan.
Naturan eraldaketa handia eragin zuen meatzaritza intentsiboko mendea bukatu zen. Cobaronek arro izateari utzi zion eta zulo bihurtu zen, bertan nortasun handiko herria sortu zen, ondasun material txiki baina garrantzitsuaren jabe. Ondasun hori berriztatzea eta zaintzea behar-beharrezkoa da, izan ere, bertan dauzkagu Bizkaiko laberik zaharrenak.
José McLennan-en argazkian ez da Pobeña ezagutzen; eraikuntza eta biztanleriari dagokionez hazi egin zen eta egungo padura tarteko errotik aldatu zuen bere fisonomia. Nolanahi ere, lehen mailako meatzaritza hondarrak dauzkagu bertan: itsaso irekiko lehen Kargalekua eta bere garaian Europako aireko tranbiarik luzeena izan zuen Garbitegia. Ondasun hau guztia gorde beharrekoa da, berreskuratzea oso zaila bada, gutxienez, ondasun honen interpretazioa argia izan dadila, izan zuen egitekoari, funtzionamenduari eta garrantzi historiakoari dagokienez.
Pobeña-Cobaron Meatze esparruko jarduerek Trianoko Mendietako kostaldea eraldatu zuten, eta meategi hauek ustiatu zituzten konpainiek nabarmenki atera zuten onura. Ezbairik gabe, askoz hobeto egin zitekeen giza ustiaketari eta naturaren zaintzari dagokienez, baina ezin dezakegu ahantz gure aitona-amonei janaria eman eta euren bizi-kalitatea hobetu zuen abiatze ekonomikoaren iturria ere izan zela; aitzitik, gure aitona-amonek euren eskubideak aldarrikatu eta defendatu behar izan zituzten. Gure bizimodu erosoaren atzean, batzuen aberastasuna, ingurumenaren kaltea eta orduko peoi jornalarien borroka sozialak daude. Gura zein ez, hori guztia gure iraganaren parte da, beharrezkoa da ez ahaztea eta harro egotea ere bai.
Pobeña eta aireko tranbia.