XII. kapitulua
Pobeña
1890 inguruan José McLennanek ateratako argazkian harrapatu zuen Pobeñaren irudi xarmangarria, urteak aurrera joan ahala desitxuratu zen, hasieran pixkanaka-pixkanaka, baina 1905etik aurrera azkar eta modu zakarrean.
XIX. mendean, 60.eko hamarkadaren erditik aurrera, Pobeñako biztanleria nabarmen hazi zen. Lehenengo eta behin, inguruetako jendea etorri zen eta, geroxeago, probintzia mugakideetatik, denak Trianoko Mendietako meatzeetan lan egiteko. Kostaldeko zain meategiek peoi jornalari asko erakarri zituzten, bizibidea bilatu nahian gaur egun erabat ahaztu diren meatzeetan, bai Cobarongo meatzeetan, bai Kantabriako Ontón edo Mioñokoetan, bai Pobeñaren inguruan kokatutakoetan.
Antzinatik Pobeña herriak meatze portu txiki bat zeukan (bertoko hizkeraz, puerto venaquero), eta bertan kargatzen zuten kostaldetik hurbileko olak zainaz hornitzen zituzten ontzi txikiek. Jarduera hark ia ez zion inguruari eragiten, eta ez zuen ingurumena hondatu, baina 1865 inguruan José McLennanen esku hartzeaz lehenengo eraldaketa gogorra jasan zuen. Izan ere, San Pantaleón irla Esparragera aldeari lotu zion, bien arteko tartea lurrez betetzearen bidez, bertatik katetxoko burdinbidea igaro zedin, horrela Pobeña burdin mea ateratzeko «portu» bilakatu arte. Cobarongo zaina ermitaren oinetaraino heltzen zen eta bertan txalupa handietan ontziratzen zuten, txalupek edo ibaian gora San Juan porturaino eramateko, edo itsaso zabalera atereaz, hondartzarantz, sakonera uzten zien tokiraino, hurbiltzen ziren lehen itsasontzi ingelesetan kargatzeko.
Bigarren Karlistada (1872-1876) amaitutakoan, meatzaritza berpiztuak meategietara peoi jornalari gehiagoren etorrera areagotu zuen. Heldu berriek apopilo gisa hartzen zuten ostatu, edo, bestela, Pobeñan bertan edo ingurumarian orduko dirudunek, esate baterako, Mateo Uriostek, zituzten etxeak edo etxebizitzen zati bat errentan hartzen zuten.
Garaiko kroniken arabera, XIX. mendeko 80.eko hamarkadan Pobeñako portua, mea ateratzeko abiapuntu moduan, guztiz garrantzitsua zen. José McLennanek Pobeñako portu honetaz baliatuz bere zaina esportatzea ez ezik, Cobaronetik hurbileko beste meatze batzuetako mea ere garraiatuz eta ontziratuz burdinazko azpiegiturei etekina ateratzea ere lortu zuen. Gainera, Kotorriotik Pobeñaraino aireko tranbia eraikitzeko baimena eskatu zuen, Gallartako alde honetako meatzeei minerala ateratzeko zerbitzua emateko asmoz. Hala ere, azkenik, egitasmoa ezerezean gelditu zen, 1890ean Trianoko meatze trenbidea Muskizko San Juliáneraino luzatu zutelako.
XIX. mendearekin batera, itsasoan bainatzeko Europako moda iritsi zen Espainiara, hau da, aisialdiko baliabide gisa «hondartza» asmatu zuten. Ventura Bustosek, Madrilgo gorteko zirujau dentistak, bainuaren onurak eta arauak zabaltzeko liburua argitaratu zuen («Las excelencias del baño y reglas para bañarse») eta, besteak beste, honetan itsasoko uraren bereizgarri naturalak goraipatu zituen. Besteak beste, «hidroterapia sendagarriaren eragile ahaltsua da», zioen. Hondartzak, mende askotan, demonioen esku zeuden bekaturako tokitzat jo zituzten, baina haien ezaugarri terapeutikoak ez ziren aberatsenen artean konturatu gabe gelditu. Gainera, «olatuetako bainualdiak» modernitatearen erakusgarri bihurtu ziren, Europatik zetorren moda hura, eta zangosagarrak erakusteko eta ikusteko gogoa asetzen zuen. Horregatik, hondartzak uda emateko leku erakargarriak bilakatu ziren. Errege-etxeek horrelako moda bultzatu zuten, Frantziakoak Miarritzen eta Espainiakoak Donostian, eta haiekin batera, arrastaka, aristokraziak eraman zituzten. Bide beretik, XX. mendean guztiz sartu arte, jende boteretsuak itsasertzean eman ohi zituen udak eta euskal kostaldeko hainbat hondartzatan ere elkartu ziren. Bizkaian, ordura arte ahaztutako hondartzetan «olatuko bainuak» hartuko zituzten eta haien inguruan bainularientzako balnearioak, hotelak eta zerbitzuak eraiki zituzten, besteak beste, Ondarroan, Lekeition, Algortan, Portugaleten eta Santurtzin.
«Turismoaren» lehen urrats hauek behartuta, Pobeña ere, geroan hartuko zuenaren bestelako norabidean ibiltzeko zorian egon zen. 1882an, El Noticiero Bilbaíno egunkariak Somorrostro Haraneko hondartza honen dohain hobezinak goraipatu zituen eta «Pobeñako Portura» turista modernoei etorrera errazteko asmoz, baldintza onetako errepidea eskatu zuen. Enpresari batzuk bainularientzako zerbitzuak bertan sortu nahian dirua inbertitzeko prest agertu zirenez gero, orduko ameslari batzuen arabera, Pobeña «Miarritze txikia ez bada ere, Saturraran berria» izan zitekeen.
1884tik aurrera, lehenengo eta behin, Pobeña herria pixka bat modernizatzeari ekin zioten, esate baterako, eskola bat edo iraganean izandakoaren aztarnen gainean karabineroen kuartel etxe bat altxatu zituzten; ildo beretik, etxe berriak ere eraiki zituzten eta 1884an, San Julianetik herrian sartzeko errepide bat, hilerria mugiarazi zuen ibilbide berri batekin, Sokotilo itsaslabarraren gainetik zehar. Urte batzuk geroago, partikular baten ekimenez, etxeak eraikitzeko edo nekazaritzako jardueretan erabili ahal izateko, Pobeñako hondartzatxoa lurrez betetzeko baimena eman zuten. Proiektu hau ez zen inoiz burutuko.
Burdin mea ateratzeko asmoz, Sokorru ermitaren oinean McLennanek sortu zuen portuak ia hogei urtez iraun zuen jardunean, baina gerra ondorengo meatzaritzaren gorakadak honen mugak eta kargatzeko neurri murriztuak agerian utzi zituen. Horrexegatik, ingeniari horrek denbora laburrean gehiago kargatu ahal izateko beste irtenbide batzuk bilatu zituen. Hainbat saiakuntzatan huts egin ondoren, azkenean, neke handiz eta diru askoz, itsaso zabalari begirako lehen kargalekua eraiki zuen, Pobeñako portua erabili barik eta ahaztuta gelditu arte.
Horrela, herriak betiko lasaitasuna berreskuratu zuen eta, neurri handian, jatorrizko itxurari eutsi zion, baina 1905etik aurrera pobeñarrek ezohiko mugimenduak ikusi zituzten berriro: topografoak, ingeniariak, argazkilariak eta abarrak, eta konpainia ingeles batek meategi bat Pobeñako inguruetan ustiatuko zuelako zurrumurrua zabaldu zen.
Orconera Iron Ore konpainiak zura gordetzeko biltegia altxatu zuen, herritarrek «kotxera» deituko ziotena, Cobaronerako bidearen abiapuntuan. Horretarako, pobeñar gazteen artean talde bat kontratatu zuen, Campomar gainean eremu handi zabala garbitu eta libre gelditzeko.
Segidan, Garbitegia eraikitzeko materialak helduz joan ziren, trenez Lutxanatik San Juliángo geltokiraino, gero, Pobeñaraino «Barquín»-en kamioiak ekartzen zituen eta bertotik Campomarrera, idien gurdiak igotzen zituen Castañueloko estratatik.
1907tik aurrera, Orconera konpainiak guztiz itxuraldatu zuen Pobeña: bulegoak, langileentzako etxeak, eskola bat eta, obrarik garrantzitsuena izango zena, padura lehortzeko proiektu zaharrari berrekin zion. Horretarako, hondartzan bat egiten zuten errekatxo bi bideratu zituen eta hondartzako ingurunea itxi zuen, mearen garbikuntzako lohiak dekantatzeko baltsa moduan erabiltzeko. Obren eraginez, Pobeñak lañotasun osoa galdu eta eraldatze gogorra jasan zuen, haren itxura behin betiko aldatuz.
Argazki batzuek erakusten dizkigute, hondartzatxoaren itxidura eta errekatxoen ubideak osatu zituen kai-muturraren eraikuntzako obren fase ezberdinak, horrela itsasgorako urak oztopatzeko. Campomarreko Garbitegia jardunean hasi zen eta, lurrak garbitzean, lohiak dekantatzeko baltsa eraiki berrian buztinezko ur zikinak botatzen zituzten. Hala ere, bertan isuritako ur bolumenak laster hasieran aurreikusitakoa gainditu zuen eta, hiru urteak bete bezain laster, baltsak gainezka egin zuen, iragazitakoa gutxiegi zen eta itsasgorek ez zuten aurreikusitako garbiketarik egiten. Gainera, Pobeñako biztanle kopurua laukoiztu egin zen eta landareez betetzen zihoan padura berrira zaramak bota ohi zituzten.
Gastrohesteetako lehen osasun arazoek beldurtu zituzten Pobeñako biztanleak, beti erne ibiltzen zirelako, batez ere Meatzaldea eta Bizkaia osoa gogor astindu zuten kolera agerraldiak ikusi ondoren. Garai haietan, Bizkaiko biztanle kopurua azkar hazi zen eta hazkundeak saneamendu zerbitzurik gabeko auzoetan jende asko pilatzea ekarri zuen. Gainera, errekak eta ibaiak, mearen garbikuntzaren eraginez, kutsatuta jaisten ziren eta, horrela, nahiz edateko edo janaria prestatzeko, nahiz arropa garbitzeko ur gardenak nekez aurkitzen zituzten.
Beste kolera agerraldi baten beldur, Meatzarikako Bulego Nagusiak Orconera Iron Oreri dekantazio baltsan ezer botatzea debekatu zion eta kai-muturra eraistera behartu zuen, horrela, itsasgorarekin sartuko ziren urek pilatutako lokatzak garbitu zitzaten. Aldi berean, garbikuntzako buztinez zikindutako urak bideratzeko eta itsasora zuzenean husteko ubidea eraikitzea baimendu zion enpresari, Lastra izeneko gunean.
Campomarreko Garbitegiak hogeita hamar urte baino gehiagotan iraun zuen urak itsaso zabalerantz husten. Mareek pixkanaka Pobeñako hondartzatxoko dekantazio baltsa garbitu zuten, gaur egungoa baino askoz handiagoa zen padura lehengo izaerara itzuli arte. Urteak aurrera joan ahala, padura landareez bete zen, «pilingones» landarediak osatzen zituzten pil izeneko kanaberak nagusi zirela. Kanaberek ospe handiko lumak ematen zituzten eta pobeñar emakumeek lehortzen utzi eta tindatzen zituzten, natura hileko loreontzi politak egiteko.
Orconera Iron Orek itxuraldatu zuen herria, ingurumenari kalte handia eragiteaz gain, baina inor ere ez zen konturatu, lana eta mantenua lehentasunezkoak zirelako, orain bezala. Gainera, «aurrerakuntzaren» mitoak berarekin batera zekarren natura amaigabea zelako sinesmena. Aldi berean, Pobeña aberastu zen: Garbitegian lan egin nahian, egun guztietan herritik igaro behar zen jende gaztea iritsi zen; senideek otzaratxo edo zaran batean bazkaria eramaten zieten, inguruan bazkaldu zezaten; larunbateko olgetan, orduan ziren taberna bietan gastatzen zuten ordainaren zati bat; neska-mutilen arteko harreman ugari sortu eta, behin baino gehiagotan, ezkontzan amaitu ziren. Pobeñak nekazaritzan oinarritutako iragana galdu zuen eta askoz gizarte anitzagoa eta pluralagoa bilakatu zen.
XX. mendeko 40.eko hamarkadan, Orconerak bertan behera utzi zuen jarduna eta, ingurumenari eragindako kaltea ahaztuta, instalazioak abandonatu zituzten. Padura, dagoeneko, ingurunearen barruan sartuta gelditu zaigu eta badu nolabaiteko xarma; eta bestetik, gerra ondoren, Campomarreko Garbitegia militarren brigadek hondatu eta burdina guztia errotik atera zioten, txatarra moduan Labe Garaietan erabiltzeko. Oraindik garrantzizko aztarnak gelditzen dira, orain abandonatuak, ahaztuak eta interpretatzeko zailak badira ere.
Beti zalantza bat geldituko zaigu: meatzaritzaren aurrerakuntzaren izenean sakrifikatutako Pobeña eta Somorrostro Haraneko hondartza nolakoak izango lirateke, itsasoko bainuen jardunbidea hartu izan balute?