XVI. kapitulua
Zaintzaile eta begiraleak
Orconera Iron Ore konpainiak zaintzaile eta begiraleak zeuzkan langileen artean, euren instalazioetan Garbitegiek ondo funtzionatzen zutela bermatzeko. Campomarren bi zaintzaile bizi ziren euren familiekin, eta egunean hainbat aldiz gunea zaintzen zuten inguruko murrua zeharkatuz, sarrerako ateak kontrolatzen zituzten, inork erramintarik ez ateratzeko, esaterako, mailuak, zizelak eta abar, bisitariei laguntzen zieten, zerrenda arduraduna eskoltatzen zuten, langileen lan jarduna ikuskatzen zuten, seriotasuna ezarriz, batik bat, ordutegiei zegokienez, eta edozein irregulartasunen berri ematen zuten, adibidez, izaera politikoko bilerak edo partidu eta sindikatuetako buletinen eta egunkarien salmenta.
Zaintzaileek uniformea zuten, ia-ia beltza zen gris kolorekoa, platera-txanoa, eta eskuineko poltsikoan euren postua egiaztatzen zuen txapa bat zeramaten. Guardia zibil erretiratuak ziren, eta karabina txikiz armatuta zihoazen. Langileak eurengandik urruntzen saiatzen ziren, ez baitziren beraiez fidatzen, oro har ez ziren oso maitatuak.
Begiraleek ez zuten zerikusirik zaintzaileekin. Istripu edo gaixotasun luze bat sufritu behar izan zuten langileak ziren begiraleak. Lerroaren informazio orokorraren berri ematen zuten, lerroek errepideak edo bideak zeharkatzen zituzten tarteetan baldeetako harriak ez erortzeko ipintzen ziren babesgailuen egoera edo tentsio estazioak ze baldintzatan zeuden. Eurak egonda, baldeetara igotzen saiatzea eta horrelako umekeriak eta balizko sabotajeak saihesten ziren.
Las Carreraseko bulegoan zeukaten euren bulegoa. Gaueko zaintzan, bi pertsonak egiten zuten lan txanda bakoitzean, arratsaldeko bost eta erdietatik goizeko ordu batera, eta ordu batetik goizeko bederatzietara. Begirale bat Campomarrerantz abiatzen zen; eta bere kidea, Trianoko baldeak ateratzeko kargalekurantz. Lerroaren azpitik joaten ziren, beti garbi mantentzen zen bide batetik, kableetako mantentze eta konponketa lanak errazago egin ahal izateko, bertara iristea zaila zen guneetan instalatutako dorreen kasuan izan ezik.
Ez zuten ez uniformerik ez buzorik, etxeko arropa jarrita egiten zuten lan, bularrean gurutzatuta eramaten zuten uhal zabal bat ematen zien konpainiak, eta uhalean «Begiralea» ipintzen zuen txapa bat zuten, horretaz gain, polainak eta denerako erabiltzen zuten «tapauka», makila, euritakoa, eta txakur txiki bat, beti mota berekoa, ile luzekoa eta kanela kolorekoa. Ez zuten armarik eramaten.
Astean behin, lerroa funtzionatzen ari zen bitartean, goizeko zaintzaileek ibilbidea zeharkatzen zuten, kableak eta tentsio estazioak gainbegiratzeko. Las Carreraseko tailerreko langileek ibilbidearen tarte handi batean egiten zuten lan, Trianorantz, Campomarrerantz eta Gallartarantz. Matxurarik ohikoena «kableak zuritzea» zen; hori lerroa gelditzen zenean konpon zitekeen, ezer desmuntatzeko beharrik gabe. Kable «lotzaileak », abilezia handiz, lotura harrigarriak egiteko gai ziren, kabletik zintzilik eta balde bat balitz bezala mugitzen ziren egitura metalikoko aulkietan eserita egiten zuten lan.