I. kapitulua

Murmiaren artean Enkarterri ikustatzen da

Enkarterriko lurrei buruz zorroztasunez berba egitea murmia8artean ibiltzea bezalakoa da, datu historikoak hain eskasak dira, non ezer gutxi baiezta daitekeen argitasunez, eta baieztapen hau berau aplika liteke penintsula iparraldea populatu zuten gainerako jendarteetarako. Erromatar Inperioaren inbasiotik abiatzen bagara, badirudi eremu hauetan autrigoiak bizi izan zirela, kultur zelta zabalaren parte ziren eta euren mintzaira zeharo ezezaguna da, nolanahi ere, indusketa arkeologikoek La Bureba izeneko zabaldian kokatzen dituzte kostatik, Berubio euren jainkoari opariak eskaintzen.

Edozein kasutan, egia da historialari erromatarrei9 zor dizkiegula lur hauetako lehenengo aipamenak, izan ere, erromatarrek jasota utzi zituzten, aski harrituta, bertako burdin mineralaren masa erraldoiak. Zain handi horiek gure aroaren hasieratik baldintzatu dute Enkarterriko lurraren historia, menderik mende gero eta garrantzi handiagoa izan zuten meategiek, eta azken bi mendeetan bizkortu egin zen inportantzia hori.

Beharbada, egunen batean, galdutako artxiboren batean iragan ilun hau gehiago argituko diguten datuak agertuko dira, baina, gaur gaurkoz, herri dominatzaileak hemendik igaro zirela eta gehiago edo gutxiago nabarmentzen diren seinale batzuk utzi zizkigutela besterik ez dakigu. Erromatarrek Pisorica-tik (Herrera de Pisuerga) Portus Amanus-erako (Castro Urdiales) galtzada utzi ziguten, harbide horrek Balmaseda, Avellaneda eta Las Muñecasetik zeharkatu zuen eskualdea. Kantauriko itsasertzean kolonia bakarra eratu zuten, Flaviobriga10 , erdigunea Castro Urdialesko portuan ezarrita zegoela. Erromatarrek meatzetako eta bestelako aberastasunak Erromara eramateko portua ere laga zuten, baina badirudi ez zituztela bertako zainak ustiatu. Godoek, orduko munduko jabeekin haserretuta zeuden nekazariek zereal lautadak okupatu zituzten, baina, ematen duenez, ez zuten interes handirik izan arte eta gurbizti oihaneko landaredia eta erliebe hain aldapatsua zuen kostaldearen eta lautadaren arteko sakonune honetan.

Musulmanek ere ez ziguten arreta handirik eskaini, edozein kasutan, Ibn Idari de Al-Andalus kronistaren testuetako ikerketa berriek gutxienez aipu harrigarri bat utzi digute. Izan ere, 800. urtea baino apur bat lehenago, Abd al-Karim jeneralak autrigoien antzinako lurra erasotu eta suntsitu omen zuen, norabide guztietara zalditeriako eskuadroiak gaindituz, eta Kantauri Itsasoaren bazterrean ere borrokatu zirela baieztatzen dute, zehazki, gure aurrekoek defendatzeko erabiltzen zituzten ubide eta itsasgorak zeuden paduretan11.

Errekonkistan birpopulatzeez eta babesteko gazteluen sorrerez diharduten erreferentzia toponimikoak eta bestelakoak aurkitzen ditugu, hortik aparte ezer gutxi. Gure erabateko sarrera historian Lope García de Salazar (1399-1476) bandokide enkarterriarraren eskutik dator. Muñatones jauregian jaioa, bere leinuarekin borrokatu zen, Sevillako kartzelan amaitu arte, zaina menderatu eta negozio handiak egin zituen, meategi aberatsen jabe egin zen, ondorioz, auzi luzeak izan zituen, horretaz gain, ezpata eta luma uztartu zituen, eta Bienandanzas e Fortunasutzi zigun, lan entziklopediko honetan Enkarterriri buruzko argibide ugari jaso zituen.

Enkarterri berezko Foru batekin agertzen da historian, Foru hau ahoz transmititu zen, 1394an paperean jaso zen arte, ohiturazko usadio eta ekanduak bildu ziren bertan, hori baino ezin dugu baieztatu.

Antonio de Trueba12, XIX. mendeko idazleak bere bertsoetako batean modu egokian ematen du herri malkartsu honen berri (Las Encartaciones de antaño):

Su labranza era escasísima
pues se reducía toda
a labrar algún pedazo
de tierras en valles y lomas
donde sembraban el mijo
llamado entonces borona
y toda su industria era
tejer y cuidar ganados
extraer bebida alcohólica
de la manzana y la uva
con inteligencia poca
y el laboreo del hierro
que, con excepciones cortas
solo se empleaba en armas
y en instrumentos agrícolas.
Las ferrerías de entonces
no eran como las de ahora
porque se hacían a brazo
las operaciones todas
según puede colegirse
de la abundancia de escoria
que vemos en las montañas
donde no hay aguas motoras.

Betiere burdina lur pobre batean, beharbada horrek azal lezake Enkarterriko biztanleek gurago izatea lurrak komunean izatea, eta, batik bat, lurraren aprobetxamendua; Forua argia zen: Enkarterriko bizilagunei bakarrik zegokien euren mendi komunaletako nekazaritza, basogintza, abeltzaintza eta meatzaritza ustiaketa.

Denbora igaro ahala, Enkarterri garrantzia hartzen joan zen, arrazoi sinple batengatik: burdina gero eta beharrezkoagoa zen eta Enkarterriko zainak, euren kalitatea eta ustiaketa erraza tarteko, garapenerako eta batez ere armagintzaren industriarako mineral hau behar zuten potentzia guztien desio bihurtu ziren.

Burdin mineralaren eskaria handitu bazen ere, Enkarterriko meategietako ustiaketa sistema Foru babesle bati eta errege debekuei lotua zegoen, horren ondorioz, ezin zen mineralik kanpora esportatu, bai, ordea, burdinoletan ekoizten ziren burdin totxoak. Mende hauetan (XIII. mendetik aurrera), mendietako abeltzaintza eta baso ustiaketaz gain, meategietako zainaren erauzketa izateko zortea izan zuten enkarterriarrek; gainera, landare ikatza lortzeko bertako gurbiztietako13 eltze handiak egosita ere irabazi handiak lortu zituzten; pribilegio horiek Enkarterriko bizilagunen biziraupena erraztu zuten.

Zain ona eta kaloria balio handiko landare ikatza, bata zein bestea lehengai ezinbestekoak Kantauri isurialdean sortzen ari ziren burdinola ugariek ondo funtziona zezaten.

Enkarterriko herritarrak zainaren lanketan aritu ziren eta minerala gurdiz garraiatu zuten Barbadún eta Galindo ibaietako ibarretaraino

Zainetako jarduera intentsiboko urte luzeak izan ziren,horrela iraun zuen XIX. mendeko bigarren zatiraino. Jarduera etekintsua, baina ez ohikoa babesten zutenen eta jabetza aldarrikatuz meategiak bidegabeki eduki nahi zituztenen arteko liskarrik gabea.

Nolanahi ere, burdinaren eskari gero eta handiagoak Enkarterri eta bertako Foruak presionatu zituen, eta, oso goizetik, ustiaketa eskubideei buruzko auziak jazo ziren Koroarekin eta Bizkaiko Jaurerriarekin.

Oharrak


8 Murmia Enkartazioetako hitza, oraindik ahoz aho ibiltzen dena, itsasaldetik sartzen den lanbroa edo gurma (ahoz, gurmia) izendatzeko, behin baino gehiagotan berarekin batera euri-lanbroa edo zirimiria ere ekarri ohi duena. Enkartazioetan oraindik ehunka hitz gordetzen ditugu, gazteleraren uniformatzearekin batera desagertzen direnak, hizkuntzaren aniztasuna galtzen ari garen bitartean. Horrela, antzinako hitz zahar ugari ditugu: quima (kimu), estrata, jaro (sastraka), borto (gurbitz), vilorta (bihur) eta abar, gehienak antzinako gazteleratik eratorriak.

9. Erromatar historialariak. Tito Liviok (K.a. 76 urtean), Estrabonek, Melak eta beste batzuek autrigoi herria aipatu zuten, Burgos ekialdetik, Oca Mendietatik eta Burebatik Nerbioi ibaiaren eta Ason ibaiaren arteko Kantauriko kostalderainoko lurraldea hartzen zuena

10. Flaviobriga. Vespasiano enperadorearen garaian, Kristo ondorengo 74 urtean, Erromako Inperioak Flaviobriga eratu zuen (Castro Urdiales), Kantauri itsasoaren bazterrean zegoen erromatarren kolonia bakarra. Komentu juridikoa izan zen, bere barnean autrigoien lurralde osoa hartzen zuena eta herri garrantzitsuen gaineko jurisdikzioarekin: Uxama, Vindeleia eta Viruvesca (oraingo Briviesca), azken hau autrigoien hiriburua eta galtzaden eta bideen gurutze garrantzitsua zen. Erromatarrek Flaviobrigako portua (Portus Amanum) Pisorica herriarekin (oraingo Herrera Pisuergakoarekin) lotu zuten, Muñecas mendatetik, Avellanedatik, Balmasedatik eta Menatik ere igarotzen zen galtzada baten bidez.
Hispanian jaiotako Trajano enperadorea, Kristo ondorengo 98tik 117ra arte agintaldian, meatzaritzaren sustatzaile porrokatu gisa nabarmendu zen; Flaviobrigako ekoizpenaren antolakuntza babestu eta bultzatu zuen, geurean garrantzi handiko meatze gunea sortuz. Gaur egungo Triano izena, hain zuzen ere, enperadorearen Traiano izenetik dator.

11. Enrike Lopez Garcia. Zenbait ikerlarik egindako aipamena aurkitu zuen, haiek, berriz, Al-Andalusko Ibn Idari historialariaren kronikatik jaso zutela.

12. Antonio de Trueba. Galdamesko Montellano auzunean, 1819an jaiotako idazlea. Poemak, ipuinak eta eleberriak idatzi zituen.

13. Borto (euskaraz, gurbitz).. Enkartazioetan «arbutus unedo» edo gurbitza izendatzeko erabilia, beste eskualde batzuetan, berriz, gazteleraz madroño izendatua. Geldiro-geldiro hazi ohi da, sei metroko garaiera izan arte, zurak kolorea gorrixka du, eta hosto iraunkorrek berde bizia eta globuludun fruituek helduaroan gorri bizia erakusten dute. Enkartazioetan zuhaitzik zabalduena zen iraganean eta, hortaz, toponimian arrasto ugari utzi ditu: bortal, bortales, Bortedo eta abar. Osorik aprobetxatzen zituzten zuhaitz hauek, baita sustraiak ere, zeren eta haien zur gogor-gogorra bapore makinak eta kiskaltze labeak martxan jartzeko guztiz egokia baitzen, baina, batez ere, antzina-antzinatik egur-ikatza ekoizteko erabiltzen zuten. Praktikan eskualde osoan desagertu zen eta XIX. mendearen amaieran, basoak birlandatu zituztenean, pinu insignis delakoarekin ordeztu zuten.