VIII. kapitulua
Cobaron eta José McLennan
1864 urtearen inguruan, meatzeen legedia, artean, nahasia zen, aplikatzeari zegokionez behintzat, baina ordurako baziren zain meategiak ustiatzen zituzten konpainia batzuk. Gainera, Foru Aldundiak Trianoko Meatze Trena inauguratu zuen eta horrela historiako negoziorik handiena egin zuen. Trenbide honek, orduan Santurtzikoa zen Ortuellan zuen abiapuntua, bertan Aldundiak tren geltokia eta meatzeetarako kargalekuak eraiki zituelako, eta Galindo ibaiaren bokalean zuen helmuga, bertan ere lau kargaleku altxatu zituelako, itsasadarretik sartzen ziren atzerriko itsasontziak kargatzeko.
Trianoko Mendi Zatitu Gabeetan zaina erauzten zuten konpainia batzuen minerala Ortuellako kargaleku horietara heltzen zen, bai idiek edo zamariek bultzatutako gurdien bidez, bai plano inklinatuen edo katetxoko bagoneten bidez ere.
José McLennanek Cobarongo zain meategiak ustiatzen zituen eta Barbadún ibaiaren bokalaren ondoan Area hondartzako azken kobaron edo itsaslabarraren kobazulotik Rincón (Bazterra) deitutako leku ikusgarriraino burdinbide bat eraiki zuen. Bertan, garrantzi handiko obrak egin behar izan zituen, bagonetak kargatzeko azpian toberak zituen mineralaren isurtegi erraldoia eraikiz.
Aldi berean, itsasertzetik aurrera, Pobeñarako norabidean ia metro biko zabalera zuen bide zelaia urratu zuten, eta azken tartean, desnibela gainditu ahal izateko, Esparraguera deitutako lekura jaisteko ere plano inklinatu bat ere egin zuten. Halaber, Esparraguerari San Pantaleón irlatxoa lotzeko asmoz, lurrez bete zuten haien arteko tartea, itsasgoran ura sartzea oztopatzeko. Ermitaren oinarria harresi sendo batekin handitu zuten eta uretan sartzen zen metro biko zabalera eta hamabost metroko luzera zituen plataforma bat ere eraiki zuten, horrela, itsasgoran, arraunean zebiltzan lantxa handiei eta bapore gabarra txikiei kargatzeko aukera emateko.
Beraz, Cobarongo meategian erauzitako zaina trenez itsasertzeko isurtegiraino garraiatzen zuten eta isurtegi horretan katetxoko bagonetakak20 kargatzen zituzten, bagonetak Barra izeneko errail-bidetik aurrera joateko. Pista horrela deitzen zen ibilbidearen metro biko tarteetan metro bateko garaiera zuten errail-posteak ezarri zituztelako, barra baten bidez lotuta. Geroago, barra ordezkatzeko, kable lodi bat ezarriko zuten, errailetik irtetekotan, bagonetak itsaslabarretik behera ez amiltzeko.
Katetxoko bagonetak kable traktore baten bultzadaz mugitzen ziren, plano inklinatutik behera jaisten ziren –gaur egungo eskailerak– eta ermitaren oinarriaren ondoan deskargatzen zuten, bertan errentariaren etxetxoa zegoela. Errentaria bagonetak zaintzeaz eta lantxa handietan eta bapore gabarretan kargatzeaz arduratzen zen.
José McLennanek burdin minerala ateratzeko portu garrantzitsu bihurtu zuen Pobeñako portu zaharra. Burdinez betetako otzaren bidez bere ontzi txikiak kargatzen zituzten eta, Barbadún ibaian gora, San Juan Porturaino igotzen ziren – oraingo Muskizko plazaraino– edo, bestela, itsaso zabalera ateratzen ziren, sakonerak uzten zien tokiraino hondartzara hurbiltzen ziren ingelesen itsasontziak kargatzeko.
San Juan antzina-antzinatik zaina kargatzeko portu «venaquero» zen eta bertan zaina idien gurdietan kargatu eta gaur egun 634 errepide nazionala den errege-bide zahar nagusitik Ortuellako tren geltokiko kargalekuetaraino garraiatzen zuten. Mineralaren ibilbide konplikatu hura ez zen José McLennanen ustiategikoa bakarrik, inola ere ez. Urte haietan, aldiz, Juan Eustaquio Delmasek kontatzen duenez, bideak zainaren kolorez tindatuta zeuden, gurdi asko ibiltzen zirelako.
Garraiobide sistema konplikatu hau garestia, geldoa eta arriskutsua zen, baina ezinbestean 1880.eko hamarkadaren amaiera arte erabili behar izan zuten. Ordukoa une garrantzitsua izan zen, Cobarongo oxidoak agortu zirelako. Zaina bukatu ondoren, kareharriak agerian gelditu zirela, eremuan urratutako hiru harrobiek mugatzen zuten zelaigune erraldoia zen Cobaron.
José McLennanek lurrean sakontzea eta mea gutxiagoko minerala zuten karbonatoak ustiatzen jarraitzea erabaki zuen, baina lehenago minerala kiskaltzeko labeekin saiakuntzak egin zituen, eta horrela, ezpurutasunak ezabatuz, mea handitzea eta ganga murriztea lortu zuen. Urte haietan ere, José McLennanek itsaso zabalera begirako lehen kargalekua ere eraikitzea erabaki zuen, XX. mendeko 60.eko hamarkadara arte jardunean iraungo zuena.
Labur esanda, 1890 aldera ez ziren oxidoak gelditzen Trianoko Mendietan. Zaina ordurako bazegoen Europako siderurgien esku eta geure mendiak, berriz, barrenak aterata, zulatuta eta soilduta zeuden, kareharria azalean eta agerian, eta han eta hemen, edonon, eskonbrotegi erraldoi eta ugariak.
Meatze konpainiek kiskaltze labeak erabiliz karbonatoak ustiatzen jarraitu zuten, eta eskualdean labeak ugaritu ziren, itsasoan zehar garraiatzeko mea errentagarri izatea lortu arte.
Minerala murrizteko21 kiskaltze labeak eraiki izanak meatze kontzesio gehiago ekarri zizkien konpainiei eta Trianoko Mendietako meategiak ustiatzeko beste bultzada bat izan zen. Gainera, konpainiek ezin konta ahala eskonbrotegietan mauka berri bat aurkitu zuten eta, lurrak garbituz, lehen garaiko zainaren ustiakuntza azkarrean bazterretan alferrik galdutako oxidoak berreskuratu ahal izan zituzten.
Langileen eskakizuna areagotu zen22 eta hauek hartzeko beste auzune ziztrin batzuk sortu zituzten, baina meatzeetako langileak antolatu eta lan baldintza penagarriak salatzen eta bizimodu duina eskatzen hasi ziren. Protestari ekinez, 1890ean lehen greba orokorra23. aldarrikatu zuten. Hiribildura berrogei mila lagun baino gehiago, zikin, oihuka eta banderekin heltzen ikusi zituztenean, beldurrak Bilboko jendea eta meatze patroiak jo zituen. Trianoko Mendietako jende guztiak hiribururantz abiatu ziren eta armada greba azpiratzera etorri zen, baina Loma Generala, langileen ustiakuntza izugarriaren berri izan zuenean, guztiz asaldatu zen eta meatze patroiak peoi jornalariekin negoziatzera behartu zituen.
Horrela bukatu zen esklabotasunetik hurbil zegoen ustiakuntzarik ankerrena. Grebari esker, lan ordutegia ez zen eguzkiz eguzki luzatuko; meatzeen edo hauetako langilezainen jabetzakoak ez ziren janaridendetan elikagaiak erosteko eta aterpeetan ostatu hartzeko askatasunak konkistatu zituzten; eskudirutan kobratzea, eta ez txapatan, eta abar. Labur esanda, meatzeetako lana, gutxienez, haien onurarako bigundu zen.
Ordutik aurrera, beste greba batzuei ekingo zieten, batzuk garrantzitsuak, adibidez, 1905ekoa* baina 1890ekoa bezain gogoangarriak ez ziren izango, lehen grebak kontrolik gabeko ustiakuntzari mugak ezarri zizkiolako. Geroan, langileen lan baldintzak pixkanaka-pixkanaka hobetu ziren, neurri handian, sindikatuei esker.
Oharrak
20. Katetxoko bagonetak. Minerala garraiatzeko bagoneta txikiak, kable traktorearena egiten zuen kate sendo baten bidez lotuta zeudela. Erruz erabili zituzten, batzuetan aldapa handiak gainditu ahal izateko. Behin baino gehiagotan, katetxoko trena ere deitzen zieten.↩
21. Murrizketa (Enkartazioetan, reducción). Antzina-antzinatik
Meatzaldean ahoz aho ibilitako hitza. Haren esanahia burdinari lotuta
joaten da, edozein egoeratan dagoela. Izan ere, meatze esparruetan,
kiskaltzeko labeetan, oletan edo sutegietan murrizten zuten burdin minerala,
ezpurutasunak kentzeko asmoz.
Olagizonek guztiz kontrolatzen zuten oletara bidalitako zain guztia,
ahalik eta ezpurutasun gutxien zuen minerala bilatzen zutelako. Sarritan,
meatze esparruetan bertan kentzen zizkioten ezpurutasunak, horretarako
zaina errekuntza edo murrizketa prozesu baten eraginpean ipini behar zutela.
Eremu baten ezpondaz edo aldapaz baliatuz, murrizteko labeak eraikitzen
zituzten, karobien antzekoak, eta bertan zaina borto edo gurbitzaren
egurrarekin murrizten zuten, ezpurutasun gehienak desagertu arte. Batzuetan,
minerala urtzen hasten zen, maiz oraindik gure inguruko mendietan aurkitzen
ditugun pasta zepatuak sortu arte.↩
22. Migrazioa. I. Karlistada (1833-1840) amaitu bezain laster, klase
menperatzaileak, politikariak, dirudunak eta Eliza argi eta garbi konturatu
ziren gainera zetorkien etorkizunaz, eta horri begira Enkartazioak eskualdean
posizioak hartzen hasi ziren. Legedian nahaste-borraste handia izan arren,
meatzeen patroi askok, Europako siderurgia nagusien laguntzarekin, 1850.eko hamarkadan kapitala arriskatu zuten eta meatze esparruak ustiatzen hasi
ziren, bertoko herritarrak baztertuz. Ia guztia falta zen eskualdean, laster erraz
aberasteko aukera sorta bat zabaldu zitzaien. Bizkaiko Aldundiaren Trianoko
Meatze Trenaren inaugurazioak, 1864an, meatzaritzaren jarduna aktibatu
eta bermeak eman zizkien meatzeen patroiei. Eskualdean, abiadura bizian,
meatzaritza guztiz garatzeko beharrezko baliabide guztiak kontzentratu
ziren. Europako siderurgiek teknologia ekarri zuten, geologoak, ingeniariak,
topografoak, baporean adituak eta beste espezialista batzuk hona etortzeko
aginduarekin. Meatzeen ugazabek meatzeetako lana erakargarri bihurtu
zuten, horrela peoi jornalariak erakartzeko asmoz. Hasieran eskualdekoak
ziren, geroxeago bizkaitarrak eta, denboraz, probintzia mugakideetakoak
ere bai. Inolako aurreikuspenik egin barik, sasoikako langileen etorrerak,
lehendik baziren basetxeen inguruan txabolismo handia sorrarazi zuen eta,
horrexegatik, inolako zerbitzurik ez zuten populazio nahikoarekin herrixka
batzuk agertu ziren: Burzako, Arboleda, Triano, Barga, Calizak, etab. Elizak
bere akolitoak babestu zituen maila ertaineko arduradunen postuak eskuratu
zitzaten, hau da, zerrenda egileak, langilezainak, kontulariak, dendariak,
baita eraikitzaileak ere. Azken hauek etxebizitza txikiak edo aterpeak altxatu
zituzten, gero peoi jornalariei alokatzeko. Meatzaritza aurrera joan zen
neurrian, negozioak finkatu eta etekin ikaragarri handiak peoi jornalarien
lepotik ematen hasi ziren, haiek esklabotasunetik hurbil zegoen ustiakuntza
ikaragarria pairatu behar zutelako.
Peoi jornalariak, hasieran behintzat, gehienbat sasoikako langileak
ziren, hau da, meatzeetan lan egitera neguan eta udaberrian etorri ohi ziren
eta, uztak biltzeko, berriz, udan itzuli ohi ziren euren herrietara. Sasoikako
langilea urtaroaren arabera agertzen zen, ez zeukan sustrairik eta nonbait
erregistratzeko inolako saiakuntza alferrikakoa zen. Gauzak horrela, beraz,
edozein ustiakuntza mota edo edozein irain jasateko egokiena zen. Edonola
dirutza handiak irabaziz, muturreko ustiakuntza jasanezina pairatu beharreko
egoerak hogeita hamar urte baino gehiagotan iraun zuen, hain zuzen,
1876an nagusitu zenetik aurrera, eta peoi jornalarien bizimodu petrala eta
umiliagarria agerian utziko zuen 1890eko Greba Orokorrera bideratu zen.↩
23. Meatzeetako grebak. 1890eko lehen Greba Orokorretik aurrera, meatze guztietan bizitza eta lan baldintzak hobetzearen aldeko protestak piztu ziren, bata bestearen atzetik. Tokian tokiko grebak izan ziren, garrantzi txikiagokoak eta, batzuetan, ez zituzten helburuko errebindikazioak lortu. Beste Greba Orokor bat 1905ean gertatuko zen eta Vicente Blasco Ibáñez idazleak «El Intruso» eleberrian eredutzat hartu zuen.↩
* Paperezko edizioan 1905. urtea agertzen da, eta bertan ere greba egin zen, baina testuan 1903. urteaz ari gara.↩