V. kapitulua
Meatzetatik kargalekuetara
Bessemer bihurgailua asmatu zutenetik (1856) Europan, batik bat, Ingalaterran, kalitatezko burdin mineral ugari eta erregulartasunez behar zuten siderurgia indartsuak egon ziren. Siderurgia hauek daude Trianoko Mendietatik hartutako minerala eraman eta ustiatu zuten konpainia handien atzean. Ingeniariak, geologoak, topografoak, lurrunean adituak, kontratistak… hona bidali eta meatze konpainiak sortu zituzten, kasu batzuetan, eskualdeko industriekin elkartuta.
Bizkaiko Foru Aldundiak «meatze kontzesioak » ematen zizkien konpainiei, hau da, ustiaketa bat abiatzeko eskubideak; baina lurraren jabegoa, inoiz ez. Denbora tarte baterako lagatzen zen lurra, harik eta minerala agortu arte, gehienez, ehun urterako. Lagapen hauek funtzionamendu araudi batzuei lotuta zeuden eta erauzitako tona bakoitzeko diru kopuru bat ordaindu behar izaten zen.
Meatze guztiek «erauzketa» prozesu batekin abiatzen zuten euren jarduera. Ustiaketen hasieran (XIX. mende hasieratik) erraz samarra zen minerala ateratzea. Oxido ferrikoak (vena eta campanil deitutakoak) eta hidroxidoak (rubio delakoa) masa handietan zeuden, eta kostu txikiko tresnekin ustiatu ahal ziren, esaterako, pikotxak, palak, arrasteluak eta lur saskiak erabiliz, izan ere, ia beti, aire zabalean egiten zen ustiaketa.
1876tik aurrera, gerra karlista amaitu eta Foru babeslea indargabetuta, lasterketa zoro batean lehiatu ziren konpainiak, ahalik eta kosturik txikienean mineralik onenak eramateko, eta zabortegi erraldoiak, lubetak eta harbetak sortu zituzten alboratutako materialekin.
1890 aldera oxidoak agortu ziren, eta konpainiek burdin mineral zainei jarraitu zieten, batez ere, kaltzio karbonatozko zainei. Labeetan kaltzinazio prozesu batetik pasaz gero, kaltzio karbonatozko zainak interesgarriak ziren, nahiz eta zain gutxiago eduki eta erauzteko lur azpiko galeria handiak sortu eta erraminta konplexuagoak erabili behar izan.
Gainera, kiskali beharrik ez zuten oxido baztertuak berreskuratzeko, konpainiek eta partikularrek eskonbrotegietan pilatutako zainen lehen ustiakuntzetako lurrak garbitzea erabaki zutenean, minerala prozesatzeak garrantzi berezia hartu zuen.
Mineralaren erauzketa eta prozesatze faseen ondoren, garraio fasea zetorren, alegia, burdin minerala Europako eta bertako siderurgietara labe garaietan aprobetxatzeko baldintzarik egokienetan heltzeko eta kostu merkean arrabioa lortu ahal izateko. Meatzaritzako azken fase hau aurreko bi faseak bezain garrantzitsua zen.
Minerala portuetaraino eramatea zen jomuga, hasiera batean, Galindo ibaiaren ahora eta Itsasadarrera, ostean, itsas zabalera. Minerala ontziralekuetaraino eramateko garraioa eraldatuz joan zen; idi gurdietatik hasi eta meatzaritza trenetara, plano inklinatuetara, kateatxo bagoietara eta aireko tranbietara igaro zen; eta, azkenik, itsaso zabalean kargalekuak sortu ziren.
Campomarreko Gazteluko cargalekuaren obra handia.