XIV. kapitulua
Plantxadaren funtzionamendua
Langileak goiz iritsi eta euren postuetan kokatzen ziren, goizeko zortzietan, aurreko egunean geldirik geratu ziren baldeek pare bat tenkada ematen zuten, kulunkatu, eta kableak mugitzen hasten ziren, gurpiletako kirrinkek lagunduta. Garbitegi osoa lanean hasten zen. Medinilla, langile bizkor eta urduriak, arrastaka eramaten zuen lehenengo baldea, trakzio-kabletik atera eta errail txiki batetik bultzatzen zuen, laguntzaileek arrastaka eramaten zuten askaraino. Hor bi langilek, heltzeko egurrezko bi kakorekin, baldea kulunkatu eta baldearen edukia parriladuraren gainean erortzen zen, laguntzaile batek mangera lodi batez ureztatzen zuen eta dena bultzatzen zuen azpian zegoen aska baterantz. Urak jadanik lokatzaren zati bat eramaten zuen horrela, hortaz, jadanik hasita zegoen garbiketa prozesua.
Mangerako laguntzaileak hutsik zegoen baldea garbitu eta ilararaino bultzatzen zuen, eta han kargatu egiten zen. Sarritan lan hau desatsegina izaten zen, izan ere, lokatz eta harriak baldearen beheko aldean itsatsita geratzen ziren, orduan, laguntzaileak azkar ibili behar izaten zuen eta ilargi erdiko arraspa batez eta ur txorrotak lagunduta, barruan sartu eta barnealdea karrakatzen zuen itsatsita zeuden zati guztiak kendu eta baldea garbi uzteko.
Baldeak, hutsik eta garbi, euren txandaren zain geratzen ziren. Langile batek bultzatu egiten zituen, mineral garbiaren kargalekuaren egituraren azpian utzi arte, toberetako iragazkien azpian, beste batek uhatea ireki eta hagatik tiratzen zuen, eta baldeak ia goraino betetzen ziren, banan-banan. Baldeak bi metro inguruz bultzatzen zituzten, eta Medinilla deitutakoak abilezia handiz eta ia ahalegindu barik kablean sartzen zituen.
Baldeak jasotzeko lan hau, alegia, deskargatzea, lehenengo aldiz garbitzea eta material garbia bueltan bidaltzea, orotara, zortzi langilek eta kapataz batek egiten zuten; uneoro loturen sinkronizazioari adi egon behar izaten zuen kapatazak. Hotzari aurre egin behar izaten zioten, eta euria egiten zuen egunetan lana oso neketsua izaten zen, jutezko zakuekin estaltzen ziren, horrek askorako balio ez izan arren. Haize handia zebilenean, baldeak gelditu eta langileek garbiketa lanak egiten zituzten, kapatazaren gidaritzapean.
Parriladura luzearen azpian azpila eta bahe birakarietako sarrera ahoak zeuden; bahe birakarietako ahoak burdinazko eta egurrezko egitura sendoen gainean zeuden, eta bahe birakarietako gela eta azpila banatzen zituen hormatik sartzen ziren, irteera ahoetarantz aldapa txiki bat zutelarik.
Ormigoi makinetako hots berezia ateraz, bahe birakariak martxan jarri orduko, mangera sendoak erabiliz, bertara bultzatzen zituzten materialak azpilean zeuden dozena erdi langilek.
Balde lerro honetako eraikuntza proiektuan, Garbitegiak sei aho birakari izango zituela agertzen bada ere, bertan laguntzaile modura lanean aritu ziren elkarrizketatuek ziurtatu dutenez, han ez ziren inoiz hiru irteera baino gehiago izan.