XV. kapitulua

Azpila eta bahe birakariak

Azpilean baldeek ekartzen zituzten lurra pilatzen zen, gainazal irekia zen, hormigoizkoa, berrogei metro inguruko luzerakoa, eta aldapa txiki bat zeukan bahe birakarietatik banatzen zuen paretarekiko.

Garai horretako lekukoek oroitzen dutenez, Campomarreko garbitegiak funtzionatu zuen hiru hamarkada luzeetan,aldaketak izan ziren lurra bahe birakarietara sartzeko prozesuan, hasiera nahoko batzuetatik sartzen ziren, ondoren, zuzenean pasatzen ziren tiradera batzuetatik, bolumena eta azkartasuna irabaziz.

Hirurogeita hamar zentimetro inguruko xafla metaliko bertikal batek azpilaren luzera osoa zeharkatzen zuen hormatik metro bat baino apur bat gehiagoko distantziara, lurrak bahe birakarietako paretaraino ez iristeko. Xaflak hiru irekidura zituen, gillotina deitzen ziren uhate batzuekin, eta uhate horiek bahe birakarien25 ahoekin bat egiten zuten. Lurrak uhateetaraino bultzatzen ziren, eta gorantz 30 cm-ko erlaitz sendoak zituen pieza metaliko trapezoidal batetik irristatzen ziren.

Arraspen bidez (ilargi erdiko aitzurrak) langileek lurra bultzatzen zuten eusteko xaflako irekiduretara, eta lurra bahe birakarien ahoetako beheko erdialdearekin bat egien zuten tiraderetatik bideratzen zuten; goiko aldeko erdialdetik itsasoko ur ugari sartzen zuten bi ahokoetatik. Bahe birakariak biratzen ari ziren bitartean sartzen ziren lurra eta ura, hori horrela, langileek garbiketako zaratei adi egiten zuten lan, zarata zakar bihurtzen bazen, gillotinak ixten zituzten, lurra sartzea eragozteko, horrela, karga arindu eta errotazioa errazten zen.

Bahe birakarien gela Garbitegiko gune garrantzitsuena zen. Solairu bakarreko eraikina zen, berrogei metroko luzerakoa, zortzi metroko zabalerakoa eta sei metroko altuerakoa. Adreiluz egindako eraikina zen, eta xaflako teilatua zuen. Zorua sei metroko zabalerakoa zen, eta gela osoa zeharkatzen zuen ia metro bateko eskailera zuen. Zoruak kanpoaldeko paretarekin hustuketa ubide bat osatzen zuen, erreten deitutakoa.

Azpilera ematen zuen paretan, gela honek hiru leiho zabal zituen, paretaren goiko aldean arku biribildu bat, eta kanpoko horman hainbat irteera. Eskuineko aldean bi motor indartsu zeuden; motorrek trakzio-ardatzari indarra eta mugimendua transmititzen zioten uhalak mugitzen zituzten. Uhalei esker, bahe birakari bakoitzaren bi eraztunekin engranatzen zuten horzdun diskoak mugitzen zituen trakzio-ardatzak; abiadura motela lortzen zen, baina behar besteko indarra zuen, bueltak emanez eta garbituz uhal garraiatzaileetaraino pasatzen zen 3.000 kilogramotik gorako karga mugitzeko.

Garbitegiak zituen hiru bahe birakariek gela honen zati handi bat hartzen zuten, 2,5 m-ko diametroko eta 7 m-ko luzerako zilindroak ziren, cm 1eko lodierako xaflak zituzten eta errodamendu deitutako sei gurpilen gainean etzanda zeuden. Errodamenduek 40 cm-ko diametroa eta 10 cmko zabalera zuten, eta bahe birakariekin biratzen zuten, burdinazko egitura handi bati soldatutako ardatzen gainean. Egitura hau bahe birakariaren eserlekua zen, 1,5 m-ko zabalerako eta 5 m-ko luzerako marko errektangularra osatzen zuen, lurrarekiko tinko lotua zegoen, eta trakzio-ardatza mugitu eta bahe birakarietako horzdun eraztunekin engranatzen zuten horzdun gurpilak zituen.

Bahe birakariei eusten zien egitura honek kalkulatua zeukan altuera, bahe birakarietako ahoak gela hau eta azpiletako gunea banatzen zuen hormako leiho zabalen parean egon zitezen eta zamatzeko tiraderekin kointzidiz ezaten. Era berean, egitura hau ez zegoen horizontalki jarrita, bahe birakariaren ahoarekiko erorketa txiki bat zuen, ahokoa deitutakoa, urak eta lurrak irteerara bidera zitezen. Bahe birakariek gelako zabalera osoa betetzen zuten, ahoak azpilera ematen zuten leihoen gainean jarrita zituzten, han bi errodamendu zeuden, eta irteera ahoak erreteneko eskailerako bazterrarekin kointziditzen zuen. Erreteneko zabalera beste metro batez luzatzen zen, kono enbor formako metalezko pieza batekin, pieza hau erabat zulatuta zegoen eta inbutu deitzen zitzaion.

Bahe birakariaren barrualdeak, bere luzera osoan, xafla batzuk zituen, pala deitutakoak, 20 cm-ko altuerakoak; xafla hauek 30 cm-tik behin paretara bertikalki soldatuta zeuden, horrela, garbiketa prozesua errazten zen, buztinezko bolak errazago desegiten baitziren.

Ondorioz,arraspak erabiliz, azpileko langileek inbutuetara bultzatzen zuten lurra; lurra ahotik bahe birakarietara sartzen zen urugarirekin, batera. Horretaz gain, langileek bahe birakariek ondo funtzionatzen zuten kontrolatu behar izaten zuten, eta gehiegizko kargarik egonez gero, arindu egiten zituzten, gillotinak itxiz. Ondoko gelan bahe birakariek astiro ematen zituzten birak eta hormigoi makina indartsuetako zarata ateraz buztinezko bolak garbitu eta desegiten zituzten. Nahasketa ahokorantz mugitzen zen; ahokoak helize itxurako hegalak zituen masa dosifikatzeko eta uhal garraiatzaileetan kolpera kantitate handirik ez erortzeko. Irteerak inbutu zulatu bat zuen ur gehiena inbutu horretatik bideratu eta hustuketarako erretenetik ateratzen zen.

Bahe birakariek, euren bolumena eta pisua tarteko, biratzerakoan marruskadura handiak eragiten zituzten, ondorioz, goizero, tailerretako langile batek frikzio puntuak koipeztatzen zituen koipe sendo bat erabiliz, beroketak edo makesdurak saihesteko.

Hautaketa gelak

Zama dosifikatuta irteten zen bahe birakaritik eta inbutua igarotzen zuenean ur nahikotxo galtzen zuen. Ondoren, bahe birakarietako gelako kanpoko horma gurutzatu eta garbia hautatzeko guneetara sartzen zen uhal garraiatzaile batera pasatzen zen.

Aukeraketa gelak, nolabait esanda, bahe birakarietako hiru gehigarri ziren, bakoitza 40 metro karratukoa, gutxi gorabehera, elkarrengandik sei metro ingurura banatuta, metalezko egituraz eginda zeuden eta hormak eta teilatua xaflazkoak zituen, ez adreiluzkoak, hori horrela, bere sendotasuna garbitegiko gainerako eraikinetakoa baino askoz txikiagoa zen.

Gela bakoitzera bahe birakari bati zegokion uhal garraiatzaile bana iristen zen, metro bateko zabalerakoa eta sei metroko luzerakoa.

Zorua porlanezkoa zen, baina garbitutako lurrak ur askorekin etortzen zirenez, langileek egurrezko tauladen gainean egiten zuten lan. Uhal bakoitzaren luzeran, egurrezko bi plantxa zeuden, bat alde bakoitzean, 60 cm-ko zabalerakoak, eta plantxa bakoitzak ilargi erdi itxurako hiru hustuketa gune zituen. Egur hauek metalezko euskarriei gogor helduta zeuden, ez zuten uhala ukitzen eta astoak deitzen zieten. Asto hauetan hiru laguntzaile aritzen ziren alde bakoitzean, txarra (harriak eta buztinezko bolak) aukeratzen eta ona (minerala) pasatzen uzten, kapataz baten zaintzapean. Horrela, Campomarreko garbitegian egunero egiten zuten lan minerala hautatzen, larunbatetan ere bai, orotara, hamazortzi laguntzaile, goizeko zortzietatik hamabietara eta ordu batetik arratsaldeko bostetara. Ez zen inoiz emakumerik izan.

Matxurengatik eta haizearengatik lerroak ez funtzionatu arren, laguntzaileek euren astoan egon behar zuten goizeko zortzietan. Izan ere, azpila beti egoten zen garbitzeko lurrez beteta. Ordu horretarako Palomar jadanik igaroa zen, Dormilon bere astotxoarekin, hiru upeltxotan edateko ura igotzen zuen Pobeñako iturri publikotik. Hautaketa gela bakoitzean upel bat uzten zuen, hegal formako oinarri baten gainean, mutikoek zotza irekiz edan zezaten. Palomar izenekoak hutsik zeuden upelak beteen ordez aldatzen zituen, laguntzaileak ordu batean sartzerako.

Bahe birakariek uhalen gainean deskargatzen zuten, mutikoek abilezia handiz, txarra kendu eta lur otarretara botatzen zuten, ondoren zabortegian husteko. Ona pasatzen utzi eta kanpoko beste uhal baten gainean erortzen zen, beste uhal hori ontzira lekuaren goiko aldera zuzentzen zen, garbiaren isurbidera, eta itzulerako baldeak kargatzen ziren. Dena kapatazaren begirada adiaren pean.

Hautaketako langileek etxeko arroparekin lan egiten zuten, eta ahalik eta oinetako sendoenak eramaten saiatzen ziren, gehienetan, abarkak jantzita egiten zuten lan. Bahe birakariaren ahotik ur ugari ateratzen zen, eta dena ez zen hustuketa kanalera bideratzen, uhalari likidoa zerion eta beti zeuden bustita.

Hain egitura ahula izanda, klimatologiak eragin handia zuen, eta muturreko hotzeko egunak eta bero itogarria pairatu behar izaten zituzten, edozelan ere, beroari hobeto egin zekiokeen aurre, iparrera, itsasora, ematen zuen leiho handia irekita. Neguan lana penagarria zen, eta jutezko zakuak erabiliz babesten saiatu arren, batzuetan galipotez marruskatuak, hotzak eta hezetasunak jasangaitz bihurtzen zuten lana. Izozte handiak zeudenean, kapatazak gela barruan sua egiten uzten zien, inguruetan hazten ziren oteak erabiliz, baina ez zuen askorako balio. Gehiegizko beroa eramangarriagoa zen.

Laguntzaileak 14 urterekin hasten ziren lanean, eta Garbitegiak funtzionatu zuen hamarkadetan leku askotatik etorri ziren, Mioñotik, Ontonetik, San Julianetik, Las Carrerasetik, Zierbenatik eta are Gallartatik ere bai. Goiz altxatu eta ibilbidea oinez egiten zuten, zorte ona zutenek konpainiak Pobeñan zituen garajeetan gordetzen zituzten bizikletetan joaten ziren lanera, astoetara goizeko zortzietarako garaiz heltzeko. Baten bat gaixotu eta ez bazen lanera joaten, ez zegoen ordezkorik. 30. hamarkadan 5 pezeta irabazten zituzten eguneko.

Giroa serioa zen eta uhalak, etengabeko mugimenduan, kontzentrazioa ezartzen zuen. Dena dela, mutikoak ziren, eta lekukotzek hamaika pasadizo kontatzen dituzte, batzuk umekeria barregarriak dira, esaterako, Melchor delakoak kapataza geletako batean itxita utzi zuenekoa. Kapatazak zikinaren toberatik atera behar izan zuen, zabortegian 50 metrora gaztelura ematen zuten zelaian ezkutatuta zeuden mutikoen algaren aurrean. Edo hotza egiten zuen egun batean artilezko eskularruekin lan egitea erabaki zutenekoa, nahiz eta denak eskuetatik ihes egineta kapatazak «señoritas» deitu, ez zituzten eskularruak kendu kapatazak eguna deskontatzeko mehatxua egin arte.

Kapataz serioek mutikoen etengabeko bihurrikeriak barkatzen zituzten, eurek ere semeak baitzeuzkaten. Mutikoek bazekiten han ez zutela etorkizun handirik eta beste lan batzuk bilatzen zituzten edo, langile onak baziren, konpainiak beste sail batzuetan kokatzen zituen, arraroa zen 18 urtetik gorakoek minerala hautatzen lan egitea.


25. Tromela. Dimentsio handietako txapazko zilindro hutsa zen eta euren barneko hutsunean lurrak ur oparoarekin batera sartzen zituzten, burdina ahalik eta garbien uzteko. Behin buztinak disolbatu ondoren, harriak ere kentzen zituzten, horrela burdina aprobetxatzeko prest eta garbi geldituz.