X. kapitulua

Karbonatoak kiskaltzeko labeak

Trianoko Mendietako zain meategi (veneras, Enkartazioetako hizkeran) erraldoien azpian, burdin karbonato masa handiak aurkitu zituzten, ustiakuntzako lehen garaian, burdin oxidoek baino kalitate eskasagoa zutelako mesprezatuak. Hala ere, XIX. mendearen amaieran, kalitate bikaineko lehen mea hura agortu zenean, geologoen eta meatze ingeniarien argitasuna piztu zen. Teorian, kiskaltzeari ekin beharko zioten, karbonatoak aprobetxatzeko bidea aurkitzeko. Modu horretan, karbonatoak kiskalitakoan, sufrea eta silizea bezalako ezpurutasunak ezabatuko zituzten; burdinaren zain garbi gehiago lortuko zuten; eta mearen masa murriztearen bidez, garraioa merkeago izango zen eta, gainera, labe garaietan erabiltzeko kalitate handiagoko produktu egokia lortuko zuten.

Hala eta guztiz ere, mearen murrizketak hautseztatutako lehengaia eta labe garaietan aprobetxatzeko gaitza emango zuela uste zuten eta, horrexegatik, 1882an, José McLennan ausart eta zorrotzak esperimentatzeko labe bat eraiki zuen. Horrela frogatu zuen kiskalitako karbonatoak, hasierako gogortasuna neurri batean galdu ondoren, erraz apurtu ahalko zirela, eskuekin ezin izango zuten arren. Modu horretan, mea puskak eskuratu zituzten —eta ez mea hautsik—, siderurgietan arrabioa ekoizteko guztiz egokiak.

Kiskaltze labeak izan ziren karbonatoez aprobetxatzeko aukera emango zien baliabidea, ezpurutasunak ezabatu eta metalaren legea ehuneko hogeian handitu ahal izateko. Kaltzio karbonatoa urdinxka koloreko mea zen eta, kiskali eta hoztu ondoren, aldiz, gorrixka bihurtzen zen, lehengo zain bikainaren antzekoa.

Hurrengo urteetan, McLennan eskoziar ingeniariak Amalia Vizcaína meatzean beste hiru labe eraiki zituen. Azken biak ahalmen handikoak izan ziren, eta egoera penagarrian kontserbatuta badaude ere, zaharberritu eta babestu beharreko ondare material garrantzitsua dugu.

Kiskaltze labeak eraiki izanak meatzaritzaren bultzada berriro ere ekarriko zuen, karbonatoen ustiakuntza era intentsiboan 1991ra arte luzatu ahal izateko. Kiskalkuntza guztiz hobetzeko asmoz, labeak bilakatuz joan ziren, egosteko denbora laburtzea, kalitatea eta kantitatea lortu nahian. Bide beretik, tamaina eta itxura aldatu zituzten, errekuntza bizkortzeko aire injekzioa hobetu zieten eta azkenak ere burdinez osorik eraiki zituzten.

Kobaronen, Josefa meategiak sei labe altxatu zituen eta karbonato kiskaliaren produkzio handia eskuratu zuten, geroago meatze horren Pikillo kargalekura garraiatzeko. Amalia Vizcaínakoak baino gaitasun txikiagokoak ziren eta ez da haien arrastorik gelditu.

Labeen ezaugarriak

Los hornos de calcinar de Amalia Vizcaína se construyeron aprovechando un fuerte talud en el terreno. En la parte superior del desnivel se acumulaban los materiales a utilizar en la carga, vagonetas en espera con carbonato de diferentes granulometrías o con carbón y las diversas herramientas que se utilizaban. Las bocas de cargue de los hornos estaban a la altura de esta zona de servicios, distanciadas por una decena de metros y unidas por una fuerte pasarela metálica.

Amalia Vizcaínako labeak eraikitzeko, eremuko aldapa gogorraz baliatu ziren. Izan ere, maldaren goiko aldean, kargan bota beharreko gaiak pilatuta, ikatzez edo pikortsu ezberdineko karbonatoez betetako bagonetak zain, eta erabili beharreko zenbait tresna edukitzen zituzten. Labeak kargatzeko ahoak zerbitzu horien aldearen parean zeuden, garaiera berean, hamar metroko distantziara eta metalezko pasabide sendo batekin lotuta.

Labeak kono-enbor itxurakoak ziren. Gutxi gorabehera, hamabost metroko garaierakoak ziren eta kanpoko oinarriak zortzi metroko diametroa zuen. Kareharrizko harlangaitzezko blokez eraikita zegoen, blokeen artekoa dolomiazko area-mortairuz lotuta. Kanpoaldean, zuntxo izeneko metalezko hiru uztaik besarkatzen zuten eta uztai haiek goiko tartean zeuden kokatuta, errekuntzako beroak eragindako dilatazioa eta labearen sabeltzeak eta arrakalak agertzea saihesteko asmoz. Labeak kareharrizko oinarri sendoaren gainean altxatu ohi zituzten. Labearen beheko lehen metro biak lodiera handikoak ziren eta perimetro oktogonala zeukaten. Gainera, oktogonoaren lau aldetan deskargatzeko atetxo bana zegoen, ahokoak (boquillas) izendatuak.

Labeen goiko aldean, berriz, sarrerako ahoek, berriz, inguruan pasabide biribil zabala zeukaten, babesteko hesi batekin, eta pasabide horren gainean barra luzeekin labekariek egiten zuten lan. Minerala zekarten bagonetak labearen eta zerbitzuetako gunearen arteko metalezko pasabidetik igarotzen ziren eta labekariek esandako puntuetan mea irauliz inguratzen zuten labea. Labezain hauek beti geruza horizontalak osatzen ahalegindu behar ziren.

Labeen barneko ebakidura ere kono-enbor itxurakoa zen eta dolomiazko area-mortairuz finkatutako adreilu erregaitzez estalita zegoen. Kontserbatzen ditugun labe biak ez ziren garai berean eraiki: zaharrenak dolomiazko mortairu torten bidez egindako barne estaldura zeukan, kareharriari atxikitzen zitzaizkionak, baina azkenean errekuntza gogorrak erraz desagerrarazten zituen eta sarritan konpondu behar zituzten. Horrexegatik, bigarren labea eraiki zutenean, bide batez, lehena ere adreilu erregaitzez estaliz aldatu zuten.

Labeen oinarriari zolata (solera, gazteleraz), labeoi (plaza, gazteleraz) edo arragoa deitzen zioten. Galdatutako burdinazko kono bat zen, oinarriaren barneko zirkulu osoa betetzen zuena, karbonato kiskalia ateratzea errazteko asmoarekin, konoaren maldak ahotxoetara zihoazela.

Fabrika-adreiluaren eta arragoaren artean, errekuntza egiteko beharrezkoa zen airea sartzen uzteko haizebide edo tobera batzuk ziren, eta ahokoen atetxoak irekiz areagotzen edo gutxitzen zen errekuntza.

Kiskalitako mearen deskargak egunero egiten zituzten eta aldi berean lau ahokoetatik. Burdin mea trabesak eta txapak oinarri gisa zuten isurbide batzuetara arrastaka eramaten zuten eta bertatik behera botatzeko toberak zeuden. Haien azpian trenaren bagoiak sartzen ziren, karga hartu ahal izateko. Materialak eginbeharrekoen arabera garraiatzen zituzten, hau da, edo labeen isurbideetan edo Gazteluko kargalekuan pilatutako mearen arabera. Makina egun guztietan ez zebilen, baina beharrezkoa zenean egun berean joan-etorri batzuk egiten zituen. Azken urteetan, trenbide zaharkituaren mantenimendua garestia zen eta garraioa kamioien bidez egiten hasi ziren. Atzerrira itsasontziz garraiatutako mineral guztia kiskalita zihoakien.

Beroaren eraginez, labeen barneko adreilu erregaitzak desegiten ziren eta ezinbestekoa zen aldizkako mantenimendua, eta horretarako aldatu edo dolomiazko area-mortairuz estali behar zituzten. Azken kasu honetan, igeltseroek barnealdean egiten zuten lan, oso tenperatura handiekin eta zurezko aldamioen gainean.

Konponketa obrak labea bero zegoela egin behar zituzten eta, beraz, ez zioten guztiz hozten utzi behar. Gauzak horrela, langileak zurezko aldamioetan ibili behar ziren eta mantenimendua neketsua eta arriskutsua zen.

Zaila zen labea martxan ipintzea, suak hartzea eta berriro errekuntza homogeneoa lortzea, eta horretarako ahalegintzen ziren hurbileko mendietatik ekarritako gurbitzaren (Enkartazioetan, borto izenekoa) egurra edo eskonbrotegi zaharretako lurretan landatu zituzten oteak erabiltzen.

Labeen funtzionamendua

Minerala bereizi eta aukeratzeko goiko gunetik errailak zituzten pasabide batzuk irteten ziren eta errail haien gainetik langileek bagonetak labeen ahoetaraino bultzatzen zituzten. Neurri txikietakoak ziren, maniobra errazteko alde bietatik irauli ahal zituzten eta tona bat materiala hartzeko gaitasuna zuten. Labekariek, barneko karga jaisten zenean, labearen barnealdera botatzen zuten. Maniobraren bitartean, harri asko eta xehe gutxi botatzen saiatzen zen eta tona bat minerala bakoitzaren gainean hogeita hamar bat kilogramoko kalitate handiko (antrazita) ikatz xehea hautseztatzen zuten.

Labe bakoitzak, etengabe, seirehun tona karbonatoko karga zeukan eta hiruzpalau egun ematen zuen guztiz jaitsi eta egosi arte. Edukia horrela zatituta zegoen: goiko zatia hotz zegoen; tartean zegoen zatian, errekuntza bederatziehun gradutara egiten zen eta ezpurutasunak erretzen ziren (sufrea, zinka, silizioa,…); eta beheko zatia, ordurako, kiskalia eta hoztua zegoen. Errekuntzari eusteko garrantzitsua zen ikatza kargatzea. Horrexegatik, azeleratzeko asmoarekin, deskargatzeko ahokoetatik haizea sartzen zuten, bestela, geldoago egingo zen.

Labekariaren trebetasuna eta eskarmentua ziren kiskaltze lan ona egiteko funtsezkoak. Karga modu egonkorrean jaitsi behar zen, alde batera edo bestera desnibelatu barik, tximinia beldurgarriak baztertu ahal izateko. Tximinia hauen zuloetatik haizea sartzen zen behetik gora, errekuntzako zatian tenperatura areagotuz eta, horrela, gero pikeretatik, hau da, ahokoen zuloetatik ateratzeko gaitzak ziren mea galdatuzko pastak sortzen ziren. Tximinia bat agertzen zenean, labekariak arrapaladan mea xehea botatzen zion zuloa estaltzeko eta ahokoen atetxoak ixtea agintzen zuen, haizea sartzea ekiditeko eta errekuntza geldotzeko.

Baziren tximiniak agertzeko zenbait motibo, esate baterako, karbonatozko harririk molderrazenek edo bigunenek hutsuneak sorrarazten zituzten; edo beste motibo bat, labea alde batean berotzen zen eta beste batean, berriz, hozten zen. Baina mea kiskalia lau ahokoetatik aldi berean ateratzea zen funtsezkoena, tartean gelditzen zen zatiaren desorekatzea ekiditeko. Inola ere ikusi nahi ez zituzten pasta beldurgarri haiek problema handiak ekartzen zituzten, mea kiskaliaren irtenbidea butxatu arte. Borraz eta barraz apurtzen zituzten arren, batzuetan, dinamita karga txikiak ere piztu behar zituzten, zatikatu ahal izateko.

Labeak inoiz ez ziren gelditzen, beti egosteko karga edukitzen zuten. Mea murriztu eta tamaina txikitzen zen neurrian jaisten zen karga eta, horrexegatik, labekariak goiko ahotik mea gehiago iraultzen zuen, beheko ahokoetatik mea kiskalia ateratzen zuten bitartean, isurbideetan deskargatuko zuten bagonetak betetzeko.

Larunbatetan eta igandeetan ez zuten mea kiskalirik ateratzen, eta horrela martxa geldoari eutsi behar zioten, labeak amatatu ez zitezen. Labekariek txanda bitan egiten zuten lanaldia, eta lan ordutegitik kanpo edo asteburuetan, labezain batek beti zaindu behar zuen errekuntza eta, horri begira, haize gutxiago sartzeko, ahokoak ixten zituen.

Ez da inolako istripurik gogoratzen.