Arte-instalazio bat eta sei haize-orratz El Pobalen
Jose Pablo Arriagaren sorkuntza ola-gune honetarako
Jose Pablo Arriaga artista Markina-Xemeinen jaio zen 1969an, zuraren eskulangintzan tradizio handia zuen familia batean. Haren aita eta aitita ebanistak eta arotzak izan ziren, altzari eta kutxak egiten zituztenetakoak. Eta Jose Pablok bere eskulturak sortu eta jendaurrean erakusten dituen tailerrean bertan egiten zituzten. Osteko kaletik, herriko alde zaharrean, beirazko fatxada batek jarduera eta gogoeta artistikorako gune batera gonbidatzen gaitu, eta, aldi berean, kanpoan, garai bateko garlopen edo zur-eskuilen bilduma batek familiaren herentzia gogorarazten digu.
Txikitatik, Jose Pablok zura lantzeko behar ziren teknikak eta trebetasunak ezagutu zituen, eta hori funtsezkoa izan da haren artista-nortasuna eratzeko. Nortasun hori aberastuz joan da beste bizi- eta prestakuntza-esperientzia batzuen bidez, hala nola Edinburgoko egonaldia, hango College of Art (ECA) unibertsitatean egin baitzituen Arte Ederretako ikasketak, eta 1994an amaitu graduondoa.
Jose Pablo Arriagaren artea mundu sozial eta politikoarekin eta naturarekin dituen esperientzia, abentura eta elkarreragin pertsonaletan oinarritutako testigantza adierazle gisa deskriba daiteke. Eragindako egoera emozionalak argituz eta esperientzia pertsonal horietatik eratorritako galderak sortuz, Jose Pablo Arriagak behatzaileari elkarrizketa bati ekiteko eta hainbat gai planteatzen hasteko deia egiten dio. Ezein obrak ez du erantzun errazik eman nahi fenomeno politiko edo sozial baten aurrean, baina haren lanak injustizien aurrean sentiberatasun sozial handiagoa izateko dei argia egiten du.
Jose Pablori formak bortxatzea, tentsioekin lan egitea eta zura kurbatzea gustatzen zaio, angeluzuzena zirkular bihurtu arte. Hain zuzen, El Pobalerako sortu duen instalazioak, Bilboko Euskal Museotik datozen haize-orratz multzo batetik abiatuta, materialei eta haien tratamenduari buruzko kezka horri erantzuten dio. Egitura organikoak dira, biribilduak, kalabo-zurezkoak, eta burdin forjatuzko sei haize-orratzetako bakoitza biltzen dute, elementu tradizional horien esentzia eta orain, eta aldi baterako, erakustoki izango duten ola-gunearen estetika berezia azpimarratuz.
Lan honetaz hau esan digu artistak berak:
Nire haize-orratzen oinarriak zur errez eginda daude, eta kono alderantzikatuen forma sofistikatua dute. Diseinu hori ez da mugimenduan soilik oinarritzen, proiektatzen dituzten itzaletan ere oinarritzen da, eta lotura bat ezartzen du forjazko haize-orratz tradizionalen esentziarekin. Burdina forjatuaren eta zur errearen arteko fusioak gorputz sendo bat sortzen du, non burdinazko hagaxka meheek eta nire euskarriek funtsezko espazio gisa jokatzen baitute, lana modu harmoniatsuan osatuz.Haize-orratz horiek, etereoak izaeraz, oreka aurkitzen dute gorputz alderantzikatu batekin, zeinak, babesteaz gain, protagonismo bereizgarria ematen baitie, batez ere trebetasunez argiztatzen direnean. Haize-orratzen funtzio nagusia, haizearen norabidea adieraztea, mugimendua duten elementuekin nabarmentzen da. Nire ikuspegi artistikoa mugimenduaren funtsa eta tentsioak harrapatzean oinarritzen da. Elementu angeluzuzenetatik abiatzen naiz, eta sortzen diren kurbak tentsio eta mugimendu intrintsekoen lekuko dira. Laburbilduz, forma horiek, hasieran angeluzuzenak, ertz kurbo dotoreak hartzen dituzte tentsioen eta mugimenduen eraginpean, eta, hala, tentsioaren eta mugimenduaren dinamika atzemateko nire etengabeko bilaketa islatzen dute, haizeorratzek haizean islatzen duten dantzarekin bat etorriz.