Aurkezpena

Haize-orratzek funtzio praktikoa betetzen dute, haizeen norabidea adierazten baitute, eta haien diseinuak ere asmo estetiko argia du, eraikinen gailurra edertzen duten elementu apaingarriak bihurtzen dituelarik. Gainera, irudimen kolektiboan ezarritako balio sinboliko ukaezina dute. Alde horretatik, haize-orratzak “beste garai baten seinaleak” dira eta iraganerako leiho bat irekitzen dute beren ikonografia berdingabearen bidez.

Burdinaz landuta, haize-orratzek gaur egun olagizonen eta errementarien belaunaldiek egindako lanaren -ia beti anonimoa- lekukotasuna ematen dute, El Pobaletik balioetsi nahi dugun lanbide baten trebetasun eta sentsibilitate artistikoarena.

Bilboko Euskal Museoaren bildumako haize-orratz multzo batetik abiatuta, Burdinolak atsegin handiz inauguratzen du erakusketa berezi bat, bere 20. urteurrenaren testuinguruan.

Sei ale eder dira, XVIII. eta XIX. mendeetakoak eta objektu mota horietan ohikoak diren apaindura- errepertorioak biltzen dituzte, hala nola oinarrietako esfera bereizgarriak, goian ezarritako gurutzeak, alderdi mugikorrean isatsa edo estandartea duten geziak eta irudi antropomorfoak edo animalia bitxiak, izaera fantastikokoa kasuren batean.

Berriro ere publikoari erakutsi ahal izateko, formatu ez-konbentzional batean pentsatu genuen eta Garutik taldearen sormen-bultzada eta artista garaikide baten begirada konplizea lagungarri izateko zortea izan dugu, Jose Pablo Arriaga eskultore markinarrarena, bere ibilbidean tradizioarenganako errespetua eta hura modu intimo eta abangoardistan berrinterpretatzeko gaitasuna batzen dituen artista. Jose Pablok objektu enblematiko horien funtsa harrapatzen duen arte-instalazio bat eratu du: zur kurbatuzko pieza inguratzaile batzuek, artistaren lanaren bereizgarri direnak, ezarritako formei desafio egiten diete eta burdinazko haize-orratz horiek barruan hartzen dituzte orain integratzen diren ola-gunearekin harmonia sotilean.

Jesús Muñiz Petralanda artean historialariak egin du erakusketa honetako katalogoa. Harekin lankidetza estua eta emankorra izan dugu aspalditik, “Burdineria artistikoa Bizkaian: funtzionaltasuna eta edertasuna” hedapenerako programaren bidez. Jesúsen lanak Bizkaiko haize-orratzen gaiari buruzko lehen hurbilketa historikoa izan nahi du –orain arte gutxi ibilitako bidea da–, baita haize-orratzen ondare material aberatsaren errepasoa ere. Burdinari lotutako gure ondarea ezagutzeko beste ekarpen bat, ikertzaile gisa egindako ibilbide sendoari gehitzen duena.

Eta, beste behin ere, Santi Yaniz argazkilariak bere narratiba bisual bereziarekin lagundu digu proiektu berri honetan. Irudi inspiratzaileak eta poesiaz beteak eman dizkigu, haizeorratzen ahalmen estetikoa aztertzen dutenak eta argitalpen hau lengoaia propio batez ilustratzen dutenak.

Luis Padura maisu errementariak, hasiera-hasieratik burdinola museo gisa hainbeste zor dionak, bat egingo du balioa emateko ekimen honekin, eta bere jakintza eta esperientzia partekatuko ditu haize-orratz horien zaharberritze zientifiko eta artisauari ekiteko, kasu batzuetan galdu dituzten elementuak lehengoratuz.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu ekimen hau aurrera eramatea ahalbidetu duten pertsona eta erakunde guztiei. Bereziki, Bilboko Euskal Museoari, El Pobaleko Burdinolari emandako konfiantzagatik; izan ere, El Pobal harro dago haize-orratzen bilduma horren aldi baterako etxea izateaz ospakizun bereziko urte batean.

Marta Zabala Llanos