Muskiz, burdinaren eta itsasoaren artean

Somorrostro harana

San Juliango grafitoak testuinguru geografiko zehatz batean azaltzen dira: Barbadun ibaiaren estuarioan, Bizkaiko burdin mea esportatzeko bide nagusietakoa izan zena. Halaber, estuario hau lurralde zabalago bati dagokio, hots, Somorrostro haranari. Eskualde hau Kadagua ibaiaren eta Castro-Urdialesko mugaren bitarteko eremu osoa zen, hau da, gaur egun Ezkerraldea - Meatzaldea deritzona.

XIV. mendean Portugalete hiria eta Barakaldo elizatea Somorrostrotik aldendu ziren. Harrezkero, Somorrostro Harana zeritzonak Enkarterrietan jarraitu zuen, bere baitan zeuden zazpi kontzejuak bi errepublikatan antolatu zirelarik: Hiru Kontzejuak (Santurtzi, Sestao eta Trapagaran) eta Lau Kontzejuak (Abantoko San Pedro eta Santa Juliana, Zierbena eta Muskiz). Bi errepubliken arteko muga Trianoko mendien eta itsas ertzaren arteko zeharlerro bat zen, Serantes mendiko gailurretik igarotzen zena.

Somorrostro izenari dagokionean, haranaren ekialdean toponimoaren erabilera ahuldu zen Portugalete eta Bilbo hiriek merkataritzan eta politikan zuten nagusitasunaren eraginez. Haranaren mendebaldean, ordea, jatorrizko izena indar betean erabiltzen jarraitu zuten eta gaur egun ere, Somorrostro eta Muskiz, sarritan, sinonimotzat hartzen dira.

Gure harana ingurukoen parekoa izan zitekeen, baldin eta Triano mendiko erraietan kalitate bikaineko burdin mineral ugari izan ez bazen: Somorrostroko mea famatua; bere historia ere bestelakoa izango zen, itsas ondoan egon ez balitz eta alboetan meategietara hurbiltzea ahalbidetzen zuten itsasadar nabigagarri bi izan ez bazituen: Ibaizabal-Nerbioi- Kadagua, ekialdean, eta Barbadun, mendebaldean.

Hala ere, itsasadarrak ez ziren nabigatzeko errazak. Esaterako, Portugaleteko portura iristeko Algorta eta Santurtzi arteko hareazko barra arriskutsua gainditu behar zen. Barbadun ibaiaren estuariorako sarbidea ere, ez zen Portugaletekoa baino hobea: itsasbeheran lehor geratzen zen hareazko barra handi bateko mendebaldeko muturrean kokatuta eta iparraldera guztiz irekita zegoelako. Hortaz, ainguratokia eta kanala sarritan hareaz betetzen ziren. Horri guztiari itsasoaren eta kostalde honetako haize nagusien astindua gehitzen zitzaion.

Mea-garraiolariek idi-gurdietan eta mando-bizkarrean ekartzen zuten Trianoko minerala Lavalleko portuaren eskuin erriberako zamalekuetara. Itsasoratu baino lehen, ontziek “cayaje” izeneko tasa ordaindu behar zuten, beren tamainaren araberakoa, portuko eta itsasadarreko instalazioak mantentzeko ekarpen gisa.
Lavalleko portuaren islada 1800 inguruan.

Halaz ere, naturak ezarritako zailtasunak gorabehera, nekearen nekez, Barbadungo itsasadarra izan zen biderik behinenetakoa mea eta burdina kantauri itsasertzeko portu eta burdinoletara eramateko, kabotaje ontzietan. Ontzi horietako batzuk Muskizko San Julian elizako ateetan irudikatuta daude: eliza talaia ezin hobea baita haranaren historiaren garai oparoenak ezagutzeko.

Barbadungo estuarioa, “ibarren ibarra”

Behealdean, Barbadun ibaiak estuario bat eratzen du, Campomar, Pico Ramos-Janeo, El Peñón eta Montaño itsas mendiek inguratua. Hegoaldetik, berriz, Triano eta Mello mendiek Enkarterrietako barnealdetik bereizten dute estuarioa. Kolitzan sortzen den ibaia bi mendi horien artetik igaro eta El Pobaleko presan geldotzen da, Muskiz udalerriko eta Somorrostro haraneko sarreran.

Ibaian behera, Los Vados eta Santelices artean, itsasaldien bultzadak aurre egiten dio ibaiaren indarrari eta horren eraginez, uraren ibilera moteltzen da Barbadun ibarrean, San Juan auzoko zubipetik irtenbidea aurkitzen duen arte. Izan ere, ibar horretatik hartzen du ibaiak bere izena, Barbadun. Bazterretan geratu dira Kolitza mendian sortzen denetik hamabost kilometroko ibilbidean gure ibaiak izan zituen bestelako izenak.

Barbadun eta Cotorrio ibaien estuarioa XX. mendearen erdialdean, findegia eraiki aurretik.
Muskizko ibarra iraganean, Muñatonesko San Martingo gaztelua eta bere portua Cotorrio ibaiaren ertzean, San Julian herrigunea atzean eta, ibaian gora, San Juango zubiko ontziola zaharra.

Zubiko ontziolaren antzinako kokalekuan, ibaia itsasadar bihurtzen da eta mantsomantso aurrera egiten du itsasoraino, San Juan zelaia eta Barrago ibarra ezkerrean utzirik. Horien parean, eskuinetik jasotzen du Barbadunek Cotorrio ibaiaren ur emaria, Trianoko mendietatik datorrena. Egun, Cotorrio ubide artifizial batetik doan arren, jatorrian La Verdejatik zihoan, duela 50 urte findegiak hartzen duen espazioaren erditik. Hori baino lehen, Barbadunek eta Cotorriok bat egiten zuten itsasadarraren gunerik zuzen eta sakonenean: Lavalle izeneko ibar eta portuan, San Julian elizaren azpian.

Hortik aurrera, ibaiak SE-NW norabidea hartu eta El Chimbo, El Verde, La Arenota eta Areño ibarretan zehar doa Pobeñako badian itsasoarekin bat egiteko, Campomar eta Punta Lucero talaien artean.

Orain arte “Ibarra” hitza erabili dugu teknikoki padurak, dunak eta hareatzak direnak izendatzeko. Nahita eutsi diogu bertokoek erabiltzen duten terminologiari, estuarioa hainbat ibarrez osatutako ibar bakartzat hartzen dutelako. Ibarrrok askotariko baliabideak ematen baitzizkioten herriari; esaterako, itsasbeheran azienda bazkatzeko guneak, elizak zolatzeko ihia batzeko eremuak eta ontziratu aurretik mea uzteko tokiak.

Izan ere, El Malecón, La Verdeja eta Lavalle ibarretan abeltzaintza-erabilerak bere horretan iraun zuen ibarrak eurak fisikoki desagertu arte. Bestetik, zoladuretarako ihia erabiltzea ohikoa izan zen lurrezko zorua zuten Somorrostroko eliza guztietan. Izan ere, San Julian elizaren kontu-liburuek urterik urte jasotzen dituzte ihiarekin zerikusia duten gastuak, hala-nola: ihia Arenotan ebaki, ontziralekura eraman eta Lavallera igo, elizara hurbildu eta ihi zaharra erretiratu ostean, berria zoruan jartzea. Azkenik, mea La Verdeja eta Lavalleko ibarretan metatzen zen, itsasadarreko ontziratze kaietatik hurbileko guneetan.

Itsasadarra eta Lavalleko portua

Estuarioaren baliabideak ederki menperatzen ziren Muskiz zeritzon muinotik eta bertan biltzen dira udalerriaren identitate ikur nagusiak: izena bera, San Julian parrokia nagusia, kontzejuko batzarrak egiteko tokia zen harrizko gurutzea eta San Nikolas marinelen kofradia, elizan bertan egoitza zuena. Muskiz, ordea, jatorrizko San Julian gunea baino gehiago da. Hain zuzen ere, XVIII. mendeko hazkunde ekonomiko eta demografikoaren harira bultzatuta, beste parrokia bi sortu ziren: San Juan, zubiko ontziolaren eta udalerria zeharkatzen zuten bide nagusien ondo-ondoan eta Pobeñako San Nikolas, itsasadarra itsasoratzen den tokian San Pantaleon uhartearen babesean. Hiru elizak itsasadarraren ezkerraldean simetrikoki kokatuta daude eta, ondorioz, Barbadun ibaia, nabigazio-kanal gisa duen garrantziaz gain, kontzejuaren ardatz egituratzailea da. Hurrengo lerroetan bere ezaugarri naturalak eta nabigaziokoak jorratuko ditugu, XVII eta XVIII. mendeetako ordenantzen argitan.

Lehen azpimarratu dugunez, itsasotik kanal estu eta zalantzagarri batetik bakarrik sar zitekeen. Ubide hori ibaiak berak ireki zuen hareazko barra trinkoan, kostalde malkartsu batera mugatuta, sarritan olatuek eta ipar eta ipar-mendebaldeko haizeek irabiatua. Itsasadarreko espazio adierazgarrienak portua, El Verdeko kanala eta Pobeñako ainguratokia ziren.

Bokaletik hurbil dauden Arenota, Areño eta El Verdeko ibarretan hondar-bankuak sortzea oztopo handia izan zen mendeetan zehar Barbadun ibaiaren nabigagarritasunerako.
Dekantazio-materialek eta mineralgarbitokietako lohiek sarritan betetzen zituzten Barbadun eta Cotorrio ibaien ubideak, horren ondorioz, itsasgorek eta prezipitazio ugariek uholdeak eragiten zituzten ibarrean, batez ere udaberrian eta udazkenean. XX. mendearen erdialdeko uholdea.

Portua Lavallen zegoen, itsasadarreko toki sakon eta babestuenean. Zamalekuak bi ertzetan zeuden: ezkerraldekoa espazio zabala eta laua zen, San Julian eliza azpiraino luzatzen zena eta porturako bidea Turruntero izeneko erripatik behera zihoan. Eskuin ibarrera Cotorrio ibaia zetorren, Lavalle eta San Martin lotzen zituen ubide nabigagarri estu batetik. Erdi Aroan San Martinen portu bat zegoen, mearen esportazioan garrantzi handia zuena. Mendeetan San Martingo portua Muñatonesko Salazartarren kontrolpean egon zen eta bertan ezarri zuten errenteria eta mea garraiolariei zergak kobratzeaz gain urtero zenbait mea gurdikada uztera behartu zituzten, gurdibide nagusiaren buruan zegoen Lavalleko putzuan.

Bokalea dragatzea eta harri-lubetak eraikitzea izan ziren uholdeek eragindako kalteak gutxitzeko sustatu ziren jarduketa nagusiak. “Euskal Erria” draga, Barbadun ibaiaren bokalean lanean (1931).
San Julian eliza eta kontzejuaren gurutzea Muskiz izeneko muinoaren buru dira. Ibai ondoan, Lavalleko portua eta errenteria daude, non minerala pisatzen zen eta ontziratzeko ezarritako tasak kobratzen ziren.

El Verdetik bokalerainoko zatia oso zaila zen nabigatzeko, hondar bankuek kanala betetzen zutelako. Horrexegatik, ibaia bideratzeko ahalegina egin zuten kaia eta reta –harrieta gisako bat– eratuz, harrizko eta hareazko lasta erabilita.

Pobeñako badia bokalearen beraren parte izanik, badia itsasaldien arabera betetzen eta husten zen; hala, ainguraleku eta ontzitegi modura ziharduen aldi berean, San Pantaleon irla eta gertuko mendiaren arteko tartea ixteko eraikitako kaiaren babesean. Pobeñak ere izan zuen inguruko meategietako mineraletarako zamalekua.

Itsasadar honetatik irteten zen Bizkaia, Gipuzkoa, Santander (gaurko Kantabria), Asturias, Galizia eta beste hainbat tokitako burdinoletarako mea gehiena. Kanala mantentzeko lanak eta nabigazioaren antolaketa itzelezko buruhausteak ziren gure arbasoentzat eta, hala, ordenantzen bidez saiatu ziren ibaiko garraioa eta haren elementuen erabilera, hobekuntza eta kontserbazioa antolatzen eta arautzen. Ordenantzak interes handiko dokumentuak dira, argi erakusten baitute zein izan zen dinamika itsasadarra mea ateratzeko bide gisa erabiltzen zena. Eta dokumentu horietan deskribatutako zailtasunak ikusirik, aise ulertzen da zergatik alboratu zen ibaiko garraioa, XIX. mendearen bukaeran mea garraiatzeko beste modu batzuk sortu ziren unetik bertatik. Gerora itsasadarra bideratzeko egindako ahaleginen helburua ez zen, jada, nabigagarritasuna bermatzea, uholdeak saihestea baizik.

1716ko ordenantzak. Espazioaren eta jardunaren erregulazioa

Siendo la conservación de los puertos de mar tan importante a la causa común y atendiendo a que para la manutención del de este concejo de San Julián de Musques, por ser demasiadamente seco, se necesita una continua aplicación y vigilancia de sus vecinos en cuidarle formando muelles, limpiar y enderezar canales y poner orden y modo de repararlas y hacerlas más profundas y reconocibles… se necesitan ordenanzas por las cuales se pueda tomar regla para refrenar los desórdenes u excesos de los mareantes con sus bajeles, deslastrándolos muchas veces en medio de la Canal y en otros parajes perjudicialísimos a lo navegable de ella.

Horrelaxe adierazi zituzten Muskizko kontzejuko erregidore, nabigatzaile eta bizilagunek itsasadarraren ezaugarriak eta hartan egiten ziren zamalanak eta nabigazio jarduera ordenatzeko hartu beharreko neurriak. Arau eta kontzeptu horietako batzuei erreparatuko diegu, gure itsasadarraren berezitasunak hobeto ezagutzeko.

San Julian de Musques kontzejuko San Nikolas ontzi-jabeen eta marinelen kofradiaren liburua (1694-1697). Sinadura hauen artean, tradizioz Muskizko itsas munduari lotutako deiturak daude, hala nola Urquixo, Llano, de la Sota, Murrieta edo de la Quadra.
1726ko otsailaren 22ko Errege-Probisioa, Muskizko San Julian Kontzejuak zenbait ordenantza berrestea lortu nahi izan zuelako. Ordenantza horiek, hain zuzen ere, kontzeju horretako kaian eta itsasadarrean bena kargatu behar zuten ontziek zekarten harrizko eta hareazko lasta botatzea galarazi egiten zuten.

Lasta estuarioan nabigatzeko oztopo nagusietako bat zen. Mea zamatzera zetozen itsasontziek harrizko eta hareazko lasta ekartzen zuten nabigatzean egonkortasunari eusteko. Portura iristean, zingoa murriztu behar izaten zuten barra gainditzeko eta itsasadarrean nabigatzeko. Gainera, ontzian zamarako tokia egin behar zuten eta, hala, kareletik behera bota ohi zuten lasta. Jokaera horrek nabigazio kanalaren buxadura eta hondamena ekarri ohi zuen eta, horregatik, lasta Montañoko putzutik behera harri-lubeta (reta) eta kai bat eratzeko erabiltzea otu zitzaien. Era horretan, ura kaiaren albotik eta ahal bezain zuzen jaitsiko baitzen, lasten artean biderik egin barik. Bestalde, ez zegoen lasta botatzerik ez barratik kanpora ez Pobeñako ainguralekuan, harriak kalte handia egiten baitzien ontziak ainguratzeko erabiltzen zituzten sokei eta hareak, berriz, parajearen sakonera murrizten baitzuen. 1715ean kai berri bat eraiki zuten, uhartearen babesean amarratutako ontzien segurtasuna arriskuan jartzen zuten itsasoaren kolpe eta oldarrei aurre egiteko.

Maiordomoa marinelek eta ontzien jabeek aukeratzen zuten urtero eta kofradiako kide garrantzitsuena zen. Berak zehazten zuen ontziek lasta non bota behar zuten, arestian aipatutako kaia eratzen jarraitzeko. Era berean, kontzejuak gabarra edo ontzi arruquero bat jarri zuen Lavalleko portuan metatutako materialak kai hartara eramateko, itsasbeheran kargatuta gelditzen ziren ontzien kroskoei kalteak eragiten zizkien eta.

Amarratzea ere garrantzi handiko alderdia zen. Itsasadarraren ertzetan ez zegoen hesola edo pajón finkorik ontziak amarratzeko. Hortaz, ontzien jabe bakoitzak haritz egurrezko hesola on bat ezarri eta kontserba zezala erabaki zuten, Lavalleko Pozo de los carros eta San Julian elizaren arteko zatian, baita Pobeñako erriberan ere. Debekatuta zegoen meatzariek hesola horien alboan deskargatzea: bi pausuren gutxieneko tartea utzi behar zuten mea piloen eta hesolen artean, zama hurbilegi utziz gero harri koskorrek ontzien sokak hondatzen zituztelako eta ubideetara jausten zirelako. Horren ondorioz, kanala betetzen joaten zen, gurdi edo mandoaren jabeak kargaren parte bat galtzen zuen eta orgazain eta mandazain batzuek nahita uzten zuten zama uretatik hurbil, hura busti eta pisuagoa izan zedin.

Ibaian trafikoa antolatzea zen ordenantzen beste helburu garrantzizko bat eta ez zen egiteko samurra halako kanal estuan. Zamatuta zihoazen itsasontziei lehentasuna ematen zitzaien, hutsik zihoazenen aurrean eta alde batera egin behar izaten zuten, zamatutakoei bidea uzteko. Bestalde, ontziek ezin ziren portuan egon hiru itsasgora baino gehiago, sarrerakoa eta irteerakoa barne.

Cayaje (itsasadarra eta instalazioak erabiltzeko eskubidea). Ordenantzek zerga bat ezarri zuten itsasontzi bakoitzak mineralez zamatuta egiten zuen bidaia bakoitzeko. Tasa hori itsasontziaren tamainaren araberakoa zen; ontziaren gabia edo bela kopuruaren arabera –bi, bat edo bat ere ez– zehazten zen, eta kanpoko itsasontziek bertakoek baino gehiago ordaintzen zuten. Bildutako dirua kanalak eta kaiak konpontzeko, eraikitzeko eta kontserbatzeko erabiltzen zen. Ordainketa eskatzeko ardura maiordomoak zuen, eta ordaintzeari uko egiten zionei belak eta aparailuak kentzen zizkien, zerga ordaindu arte.

Gaueko lanak. Arauak oso argiak ziren: debekatuta zegoen gauez kaietan jardutea. Egunez baino ezin zen mea kargatu, betiere mineralaren pisuaren gaineko kontrola zeramaten pertsonen begi bistan. Horren helburua zen besteren meak “altxatzea” saihestea, errentariak bertan ez zirela aprobetxatuz. Mea pisatzeko, San Julian elizan gordetzen ziren balantza batzuk erabiltzen zituzten; izan ere, eliza zen errentatzearen onuraduna eta fabrika liburuetan sarritan aipatzen dira balantzak egiteko, kontserbatzeko eta kalibratzeko gastuak.

Segurtasuna ez zen nolanahiko kezka eta hainbat esparrutara hedatzen zen. Hala nola, ordenantzek nabigatzeko aldiak mugatzen zituzten eta istripurik gerta ez zedin hartu behar izan zituzten neurriak deskribatzen dituzte, zeren eta itsasontziak gaizki tresnatuta eramateagatik edo neguan itsasoko enbatei aurre egiteko egoki prestatu gabeko ontzietan itsasoratzegatik bizitza eta ondasun galera ugariak gertatzen baitziren. Bestalde, XVII. eta XVIII. mendeetan gure kostaldean maiz ibili ziren itsasontzi frantses, ingeles eta holandarrak, mehatxu are larriagoa izan zitekeen. Horri aurre egiteko, premiaz-koa zen babesa antolatzea, gotorleku edo talaiak sendotuz, gerra garaian kortsarioek itsas-ontzirik bahitu ez zezaten. Gure inguruan, San Pantaleon harkaitzean, Campomarren eta Punta Luceron kokatzen ziren.