Aurkezpena
Muskizko San Julian elizan aurkitutako itsas grafitoek kostaldeko enklabe honen itsas eta merkataritza dedikazioaz eta XVIII. eta XIX. mendeetan, bere urrezko garaian, lortu zuen gizarte garrantziaz hitz egiten digute. Gaur egungo paisaian nekez antzeman dezakegun portuko giro bizia gogora dakarte, eta iraganeko gizartearen sinesmen, ohitura eta pentsamoldeen munduarekin konektatzeko gaitasuna dute.
Ontzi, izen eta ikurren multzo bat da –24 daude, guztira–, Muskizko historiaren bereizgarri den tenplu horren hegoaldeko atean grabatua. Ez dira arte-adierazpenak, hitzaren esanahi hertsienean. Hala ere, mirestekoa da ontzi horien estetika, trebetasunez marraztuta baitaude, modu eskematikoan baina errealitatea doi agertuz, eta itsasoko gizon-emakumeek bakarrik ezagut zitzaketen xehetasun tekniko zehatzekin.
Grafitoen mundukotzat jotzen ditugu, bat-bateko herri-adierazpenak direlako; hori bai, denboran irauteko asmoz eginak. Litekeena da eliz agintarien baimenik gabe egin izana, printzipioz xede hori ez duen leku batean, eliza baten atean, alegia. Grafitoan bada nolabaiteko arau-urratzerik, nahiz eta, kasu honetan, inguruan eragin handia zuten familien izenpea eduki.
San Juliango grabatuak ezohikoak dira, salbuespenezkoak –ezagun dira antzeko adibideak atlantiar itsasertz osoan, baina, gaur-gaurkoz, honako hau kasu bakarra da Bizkaian–; horregatik, eta burdinaren itsaso bidezko garraioarekin duten ageriko harremanagatik, aurkikuntza berezi hau zabaltzeko erabakia hartu dugu, aurkezten ari garen argitalpenaren bidez, aldi baterako erakusketa bat inauguratuz, eta atea bera, erakusketaren pieza nagusia, zaharberrituz.
Proiektua aurrera eramateko, zenbait ikertzaile izan ditugu ondoan, nor bere eremuan erreferentziazkoak. Carlos Glaria filologoari zor diogu grafitoen aurkikuntza, eta hari eskatu diogu kokagunearen testuingurua argitzeko, primeran ezagutzen baitu, toponimia-azterlanak direla eta. Juan Manuel González Cembellínek, historiagile eta Eleiz Museoko zuzendariak, gakoak eman dizkigu grabatu hauek egiteko lekuaren aukeraketa ulertzeko, ez baitzen inola ere ausazkoa izan. Izan ere, San Julian, altxor artistikoa ez ezik, Muskizko sorteliza ere izan zen, eta, zenbait mendez, bertako komunitatearen bizimodua arautu zuen erakundea. Azkenik, Xabier Armendariz itsasketaren historian aditu eta itsas dohaintzen ezagule handiari egokitu zaio San Juliango multzo bikainak ezkutatzen duen enigma deszifratzea: hura interpretatzea, ontziak identifikatzea, gutxi gorabeherako kronologia proposatzea, eta harreman bat bilatzea itsasontzien eta itxuraz elkarrekiko loturarik ez duten askotariko beste motibo ikonografiko batzuen artean.
Lan hau Muskizko parrokiako elizaren eta bertako parroko Sergio Buizaren laguntzari esker gauzatu da. Buizak une oro erraztu du gure egitekoa, baita atea zaharberritzea eta El Pobalen erakusgai jartzea ere. Halaber, Petronorri eskertu behar zaio museoaren jarduerei emandako laguntza, 2004an hura inauguratu zenetik.
Azkenik, bereziki eskertu behar dugu Muskizko Udalaren inplikazioa, hasieratik proiektuan sinetsi baitu, grafito-multzo honen ondare-balioaren jakitun. Izan ere, bai bertatik gertu dagoen Pobeñako guneko dohaintzei bai San Juliango grabatuei esker, Muskiz nazioarteko erreferentzia bihurtu da itsasontzien botozko irudikapenean, eta agerian geratzen da gure udalerria itsas tradizioen kulturaren parte dela, beste herri batzuekin batera.
Marta Zabala Llanos