San Juliango itsasontzien grafitoak
San Juliango itsasontzien grafitoak
Jartzen bagara Muskizko San Julian elizaren hegoaldeko atean eta egiten badugu bi mende atzera, pertsona oso partikular batzuekin egingo dugu topo, seguru aski. Lavalleko kaian lotuta ikus dezakegun ketxemarin ontzi zoragarriaren armadoreak dira. Leku pribilegiatu horretatik entzungo ditugu itzainen ahotsak, beren idiak akuilatzen gurdietan daramaten mineral karga itsasontziaren saihetsera hurbiltzeko. Eta ikusiko dugu kapitaina zamalanak arretaz aztertzen, ontzia desorekatu ez dadin, eta zaintzen mea ongi lehorra dagoela, dagokiona baino gehiago pisatu ez dezan, euria egiten duenean edo zamaketariek minerala itsasertzetik gertu deskargatu eta mareak estaltzen duenean gertatzen den bezala. Eta marinelak, itsasontzia lurrera lotuta mantentzen duten estatxei adi, korrontearen aurka borrokan. Armadoreak isilik daude, Barbadun ibaian egiten diren operazioei adi. Llano familiako kideak izango dira, agian, edo Urkixotarrak, edo bietakoak. Agian, sozietate bat osatuko zuten ontzi berria erosi eta harekin merkatu berriak irekitzeko. Seguru asko, harro eta etorkizunerako itxaropentsu egongo dira. Hala ere, itsasgizonak direnez, badakite jainkozkoak bete behar dituztela. Kapitainak amarrak askatzeko agindua eman eta ketxemarina marearen korronteak bultzatuta itsasorantz handikiro doala, hurbiltzen dira gure lagunak atera eta, labana txiki batekin, jaiera handiko erritual batean, egurrean grabatzen dituzte euren izenak, garaipenaren sinboloarekin eta ontzi berriaren irudiarekin batera, haize oihal guztiak zabalik daramatzala. Hemendik aurrera, mundu honetako bi lagunen esku geratzen da bere itsasontzi ederraren zoria: kapitaina eta San Nikolas Barikoa, Muskizeko San Juliango nabigatzaileen patroia.
Zenbait xehetasun teknikok -hala nola taulen elkarren arteko lotura edo erabilitako burdineria motakatearen kronologia erakusten dute, XVIII. mendearen azken herenetik XIX. mendearen lehen hamarkadetara bitartekoa.Itsasontziak Barbadunen
San Juliango ateko inskripzioak aurkitu izana garrantzi bereziko mugarria da Bizkaiko itsas historia eta antropologiarako. Inskripzio soilak dira, itxura batean inozoak, baina gure arbasoek itsasoarekin zuten harremanaren puzzle korapilatsua osatzen laguntzeko funtsezko informazioa ematen digute adituoi.
Ate horretan dauden itsasontzien tipologia ulertzeko eta aztertzeko, lanean jarduten zuten ingurune fisikoaren ezaugarriak ezagutu behar ditugu ezinbestean.
Gaur egungo Arena hondartzak –eta Barbadun ibaiaren bokalearen ibilgu orokorrak– iparralde-hegoalde ardatzari jarraitzen dio, gutxi gorabehera. Kantauri itsasoan, iparraldekoa, ipar-mendebaldekoa eta, neurri txikiagoan, ipar-ekialdekoa dira haize nagusiak. Horri esker, San Juliango zamalekuraino igo ahal izango ziren ibaian gora, txopako edo hegatseko haizeekin, hau da, baldintza onekin, batez ere itsasgoran.
Ontziaren edukieraren arabera, Lavalleko portuko ofizialek aurrez zehaztutako lekuetan askatu beharko zuten lasta. Zamalekua San Julian eliza dagoen muinoaren oinean bide zegoen, hegoaldera begira, ibaiaren meandro batek haize nagusietatik babestuta; azken batean, itsasontziak segurtasunez ainguratzeko edo lotzeko leku egokian.
Minerala kargatzeko, egurrezko dikearen alboz albo jartzen zuten ontzia, eta brankako eta popako luzeen eta springen bidez lotzen zitzaien ibaiaren ertzetan zeuden egurrezko piloteei. Oso garrantzitsua zen itsasontzia behar bezala ibilgetuta geratzea, kaiarekiko trabeska. Zamaketa lanak amaitu ondoren, itsasgora egin arte itxaroten zen, eta itsasbeheran itsasoratzen zen ontzia, mareak bultzatuta. Hori izango zen, beharbada, unerik kritikoena, haize kontra nabigatu behar izaten baitzen gehienetan, haize oihalak erabiltzeko aukera askorik gabe, marea beste laguntzarik gabe. Gainera, ibai portuek zailtasun erantsi bat dute: haize aldakorrak, inguruko orografiaren arabera. Mendiek, haranek, muinoek aldarazi edo bizkortu egin zitzaketen haize katabatikoak, haiek harrapatu eta oso arriskutsu bihurtzeraino. Halako egoeretan behar da ahalik eta eraginkortasun handieneko eta maniobra azkarreneko haize oihalen aparailua.
XVIII. mendearen erdialdetik XIX. mendera arte, Bizkaitik ateratzen zen mineralaren salerosketa ongi definitutako bi tipologiatako itsasontzien bidez egiten zen. Alde batetik zeuden itsasontzi txikiak, masta bat edo bikoak, Bizkaiko bertako merkatua eta inguruko eremuak hornitzeko minerala garraiatzen zutenak. Ibai ibilguetan barrena erraz sartzen ziren, sakonera eta karga txikia baitzuten, eta mea uzten zen errenterietaraino iristen ziren; handik, idi gurdietan eramaten zuten burdinoletara.
Kabotajeko garraio hori tamaina txikiko patatx eta ketxemarinetan egiten zen. 15 eta 20 tona arteko pisua izaten zuten, eta, batez beste, 400 eta 450 kintal ar mea kargatzeko ahalmena.
Bestetik, edukiera eta zama garraiatzeko ahalmen handieneko itsasontziak bidaia luzeenez eta pleitarik garrantzitsuenez arduratzen ziren: Asturiasera eta Galiziara iristen ziren, alde batetik, eta Gipuzkoara eta Frantziara, bestetik. Kataluniara egindako nabigazioen berri ere badago. Itsas bidaia horietarako, tamaina handiagoko itsasontziak behar ziren: handienek 30 tona irits zitzaketen, eta 800 kintal ar meako karga erabilgarria.
Garai historiko hartan, Bizkaiko kostaldean ketxemarinen presentzia oparo dago dokumentatuta, haiek baitzuten itsas garraioaren monopolioa. Itsasontzi haiek Frantziako chassemaréetatik eratorriak ziren, eta hain egin ziren ezagunak, ezen, denborarekin, haien haize oihalen bertsio sinplifikatua bere egin baitzuten euskal arrantza txalupa tradizionalek ere. XX. mendearen lehen laurdenera arte erabili izan zen ontzi mota hori, lehenengo lurrun ontziekin haize oihalak behin betiko alde batera gelditu ziren arte.
San Juliango ketxemarinak, inolako zalantzarik gabe, kabotajeko altuerako garraio horretan kokatzen dira. 30 tona inguruko ontziak ziren, eta 15 eta 20 metro bitarteko luzera zuten punten artean, maspreza kontuan hartu gabe. Haien aparailuak eta ezaugarriek, gainera, argi eta garbi adierazten digute distantzia luzeko kabotajeko nabigazioetarako prestatuta zeudela. Oro har, ketxemarinen haize oihalen konfigurazioa mota horretako ontzien oso bereizgarria da, eta patatxek zutenaz erabat bestelakoa. Patatxek brigantin goleta aparailu sinplifikatua zuten, baina ketxemarinek, kasu honetan hiru makilakoek, haize oihal latindarrak erabiltzen zituzten trinketean, nagusian eta mesanan, hainbat foke zituen botaloi edo maspreza batekin osatua. Barealdietan, aldeko haizeekin, gabia kengarriak ere erabil zitzaketen.
Haize oihal latindarren berezitasuna da haize angelu gehienetan orienta daitezkeela, eta, hala, maniobragarritasun ezin hobea ematen diote itsasontziari, baita leku estuetan edo haize aldakorrekoetan ere, hala nola ibai portuetan eta, gure kasuan, Lavallekoan. Biratzeko gaitasun ikaragarria dute, eta beren ardatzaren gainean bira daitezke ziaboga egin behar izanik gabe. Bestalde, eta hau ere garrantzizkoa da, penintsularen iparraldeko kostaldearen zatirik handiena haizebeko kostaldea deritzonetakoa da; hau da, hango uretan nabigatzen den itsasontziak haizearekiko angelu txikienean nabigatzeko gaitasun handirik ez badu, denboraleak harkaitzen kontra bultzatzeko arriskua du. Patroi bakar batez, bi edo hiru marinelez eta itsasmutilen batez osatutako eskifaiak aise erabil zitzakeen era horretako ontzien aparailuak, eta, hala, gastuak aurreztu.
San Juliango grafitoak egin zituenak, aparailua eta haize oihalak zehatz-mehatz adierazteaz gain, leialki irudikatu zituen kroskoaren formak. Kasu honetan, ketxemarinek oso aurreratua dute branka, masprez eta fokeez hornitua, eta horrek adierazten digu prestatuta zeudela itsas zabaleko nabigaziorako eta edozein olaturi aurre egiteko. Azken batean, zama handia garraiatzeko gaitasuna, itsasketarako ezaugarri bikainak eta maniobratzeko erraztasuna zirela eta, Bizkaiko armadoreentzat oso inbertsio errentagarria ziren ontzi haiek.
San Juliango izenak, goraipamenak eta itsasontziak
Elizaren hegoaldeko atean jartzen denak garai batean Lavalleko portua zegoen ibaiko sektorearen ikuspegi pribilegiatua ikusiko du. Hor kokaturik, San Juliango inskripzioen egileak edo egileek argiki ikusiko zituzten itsasontzien xehetasun guztiak.
Ateak inskripzio batzuk ditu, hiru sailetan bana daitezkeenak, nahiz eta, gure ustez, ageriko erlazioa duten guztiek. Hauek dira hiru sailak:
Inskripzio epigrafikoak
Letra, izen eta ikur sorta bat dira, inskripzioen egileei dagozkienak, itxuraz.
Goraipamenak
San Juliango inskripzioen bereizgarri nagusietakoa Víctor edo Vítor goraipamenak dira. Antzinako ikur horrek K.o. 313an Milanen emandako ediktuaz geroztik erromatar oste kristautuek beren estandarte eta ezkutuetan erabilitako krismoian du jatorria.
Erromatar X eta P letretatik eratorria da “V.I.C.T.O.R.” letrek osatutako goraipamena, zeinak egiten baitio erreferentzia lorpen edo garaipen handi bati. Maiz erabili izan dira unibertsitateetako fatxadetan eta unibertsitate hirietako eraikinetan. Grafito modernoen antzera margotzen ziren, doktoregoa lortu zuen ikasle baten izenari lagunduz. Salamancako unibertsitatea bide da era honetako adierazpen gehien dituen ikastegia.
Itsasketaren eremuan, itsasontzien irudikapenekin batera agertu ohi da, itsas balentria edo lorpenen bat goraipatuz. Horren adibide dira Kasedako San Zoilo ermitaren barruko itsas grafitoak, XVI. mendekoak.
XX. mendearen erdialdean, Francoren erregimenak Gerra Zibila amaitu ondoren Victor adierazpena bere egin zuen, lortutako garaipenaren ikur gisa, eta, hala, Espainian behintzat, berehala utzi zitzaion hura beste testuinguru batzuetan erabiltzeari.
San Juliango atera itzuliz, argi eta garbi egikaritutako bi goraipamen ikus ditzakegu, hala nola 3. eta 16. zenbakiak, bai eta letra multzo bat ere, egikeraz aurreko sinboloak gogorarazten dituzten baina horizontalki jarrita dauden letrek osatua (2. zk.). Aurrealdean, N bat, R bat, A bat, ziurrenik, eta X bat igartzen dira; eta, bigarren mailan, txikiago, O bat eta S bat. Esanahia zein den ez dakigu, baina baliteke esaldiren bat osatzen duten inizialak izatea, edo, agian, “Ave Maria” da, era horretako otoizlaburra baitakar nolabait gogora.
Aurrerago ikusiko dugunez, ikur horiek atean adierazitako abizenei eta itsasontziei lotuta ageri dira.
Itsasontziak
Garbiro itsas irudikapen direnei dagokienez, eta garrantziaren arabera ordenatuta, tipologia bereko ontzi multzo bat dugu lehenik. Xehetasun handiz eginak dira, eta argi eta garbi deskribatuta dituzte aparailuak, baita haize oihalen baluma ere. Oso xehetasun garrantzitsuak eskaintzen dituzte itsasontzi klasikoak ezagutzen dituen edozein marinel edo itsas ingeniariren begietara, batez ere kroskoaren lerroetan eta makilen antolaketan.
8. zk. – Kasu honetan, beste ketxa bat dugu. Eskematikoagoa da, baina baditu bestelako zenbait xehetasun interesgarri. Alde batetik, kroskoaren popako aldeko formaren bitartez, haren diseinua zehazki adieraztea zen asmoa. Masteria adierazten duten marrak, berriz, apur bat inozoagoak dira; ziurtasun osoz hiru masta dituen ontzi bat irudikatzen dute, baina bi besterik ez ditugu ikusten: trinketa eta atzeko masta, bakoitza bere belekin. Trinketa eta atzeko masta belak altxatuta dituztela ageri dira, bi-biak oso harrotuta, haize-ertzaren kurbadura dela eta. Agian kuarteleratuta, ontza haizearekiko egonkor mantentzeko.
Xehetasunik deigarriena ontzigainaren lehen herenetik zeharretara ateratzen diren bi lerroak eta hegatsetik ateratzen dena dira. Itxuraz, ontzi bat kaitik urruntzea eragozteko hura lotzeko erabiltzen diren springak irudikatzen dituzte; horrek argiro adieraziko luke bandaz banda kaiaren ondoan jarrita zegoela, ababorreko aldetik, eta zama estibatzeko prozesuan. Brankako springa bikoitza izatearen arrazoia izan daiteke senotik pasatua zegoela lehorrean, edo korrontea indartsua zela eta amarra hori sendotu zela. Brankan zeharreko soka ere marraztuta dago. Popako txanbergatik itsasketa-funtziorik gabeko bi lerro abiatzen dira; hortaz, seguruenik gerora gehitutako marrak dira, itsasontzia irudikatzeko asmoarekin bat ez datozenak.
Edonola ere, hiru itsasontziak XVIII. mende bukaerako eta XIX. mende hasierako ketxemarinen irudikapen bikainak dira.
10. zk. - Grabatu hau oso interesgarria da. Nahiz eta itsasontziko masteria osorik ez eduki, ezta neurri egokietara doituta ere, egileak egitura-elementu espezifiko bat irudikatu nahi izan zuen, mastak ontzigainera zeharka lotzen dituzten abenkak, hain zuzen. Abenka horiek, zehar-sokekin batera, antzinako belaontzien eskala bereizgarria osatzen dute, eskailera moduan erabilita marinelei masteriako atal guztietara igotzeko aukera ematen diena. Kasu honetan, trinketeko beheko hagan ageri dira, eta lehenengo gabiarainoko tarte bakarrarekin. Masta nagusiak beheko haga eta gabiako mastaxka dauzka, dagozkien bi abenkatarteekin eta horien gabiekin.
Kroskoari dagokionez, haren egitura-lerroak suma daitezkeela dirudi, marra mehez, flotazio-lerroak. Itsasontziaren branka-bularra ere egiazkoaren ahal den antzik handiena emanez marraztuta dago. Berriro ere, itsasontzia lehorrera lotuta ikus dezakegu ontzia, brankako bi esprinekin eta hiru zeharrekorekin.
Azkenik, beste grafito multzo bat dugu, itsasontzien grabatuen saiakuntza gisa har litekeena. 9., 11., 12., 18., 21., 22., 23., eta 24. zenbakiak dira. 12. zenbakia izan ezik (pailebot edo ketxemarin bat dirudi), xehetasun handirik gabeko ebaki hutsak dira gainerakoak.
Grafitoei azterketa nautikoa egitearen ondorio moduan, azpimarratzekoa da ketxemarinen ugaritasun nabaria, beste itsasontzi-tipologia batzuekin alderatuta. Hori ez da salbuespena, garai hartan itsasontzi mota hori erabiltzen baitzen gehien minerala garraiatzeko, ibai-eragiketak egin beharreko kabotaje-nabigazioetan.
Beste elementu aipagarri bat da grafitoen egileek atean zizelkatu zituztela, hain zuzen itsasontziak karga-kaietara lotuta zeudenean, eta hori nabarmendu nahi izan dute une oro, itsasontzi gehienek argi eta garbi zehaztuta dauden lehorrerako loturak baitauzkate.
Marinelen boto-opariak
Ikertzaileari honako galdera hauek datozkio gogora, lehenik: zergatik irudikatu itsasontzi bat elizako atean? Zer zentzu du? Zergatik ez norberaren etxeko atean edo herriko eraikin bikainen bateko atean? Nahiko erraza da erantzuna: itsasoko jendeen moduko talde itxi edo berezi batean bizirik iraun duten antzinako tradizioetan dago gakoa.
Oso antzinatik, marinelek jainkoaren babesa bilatu izan dute itsas bidaldietan. Amildegian hiltzeko, ekaitza negoziatzeko gai ez izateko, eta hilobi likido eta hondogabe batean desagertzeko beldurra iraunkorki egon da itsasoratzen den edonoren pentsamoldean.
Garai klasikotik ezagutzen dugu babesaren truke jainkoei oparia edo eskaintza egiteko ohitura. Exvoto deritzenak dira, “boto bat betez” esan nahi duen exvoto suscepto latindar esamoldetik datozen boto- opariak. Arriskuei aurre egiteko, ozeanoaren erdian ezbeharrik ez izateko, santu eta birjina gogokoenei eskaintzen zien bere burua eskaintzaileak, eta zelako santuaren elizan eskaintza egiteko botoak egiten, Jainkoari hel egin ziezaion bere bizia salbatzeko. Ez zen garai zailetan egindako hitz joko hutsa, benetako kontratu egintza baizik. Eskaintzaileak, behin salbu, bere ahalbide ekonomikoekin bat zetorren eskaintza eraman behar zuen tenplura. Bere itsasontziaren maketa bat, itsasoan bere salbazioa irudikatzen zuen koadro bat edo, arrantzale xumeenen kasuan, arrantza aparailuen zati bat (salbamenduko uztaiak, sareak, arraunak, etab.) izaten ziren. Esker emateko boto-opariak dira.
Hala ere, mota askotako boto-opariak zeuden. Adibidez, faborea lortzeko egiten zirenak, debozioa zitzaion elizara eskaintza bat eramanez, esaterako itsasontzi berri baten maketa edo koadro bat, edo ontzi horren silueta zizelkatuz elizako ate edo hormetan. Ontziarentzako edo zaila aurreikusten zen bidaldi baterako babesa bilatzea zuten helburu.
Testuinguru horretan koka ditzakegu San Juliango ateko itsasontziak. Zeharkaldi edo egitasmo berri baten aldeko eskaintza gisa, Jainkoaren babesa bilatuz, edo merkataritzan edo itsasketan egindako balentriaren baten –hala nola itsasontzi berri bat eskuratzea edo zeharkaldi bat burutzea– eskertza gisa.
Gaur egun, oraindik ere indarrean dago esker emateko boto-oparien modalitate hori. Arrantzaren arloan, zeina baita, agian, euskal itsas arloan gutxien desakralizatutakoa, armadoreek maketa edo koadro bat eskaintzen dute itsasontzi berri bat eraiki eta itsasoratzeko unean. Gaztelugatxeko Donieneren moduko elizetan dauden boto-opari gehienak alturako arrantzontziak dira, zeinetarako eskatzen baitzen babesa eta arrantza ona.
San Julian eta Pobeña, boto-oparien multzo paregabea
San Juliango grafitoen aurkikuntzaren handitasuna ez datza soilik ondare elementu gisa duten balioan, herriko tradizio botozko berez aberats eta askotarikoa osatzean baizik.
Soroskundeko Andre Mariaren ermita txikiak, antzina San Pantaleon ermita zenak, Bizkaiko boto-opari piktorikorik bitxi eta zaharrenetako bat du hormetan. “Carrera de la Habana” zeritzon Coruña-Habana itsas postako “El Colón” posta pakebotea irudikatzen du, Muskizko Pedro Antonio de Llano y Manzanal jauna buru duela.
1768ko urriaren 15ean, ekaitz izugarri batek harrapatu zuen ontzia Habanatik 30 miliara. Hainbeste okertzen zen, non eskotiletatik sartzen baitziren olatuak. Llano kapitainak Soroskundeko Ama Birjinari gomendatu zion bere burua, eta makila nagusia mozteko agindu zuen, ez zelakoan itsasontzia irauliko. Azkenik, hilaren 18ko arratsaldean Habanan sartzea lortu zuten, gogotik sufrituta.
Hauxe idatzi zuen kapitainak berak itsasketa egunkarian: y a sido gran milagro que en todas estas faenas no se me aya (sic) malogrado ninguno de mi tripulación. Itsasketa egunkaria. 15etik 16rako eguna, igandea.
Pobeñako koadroa, gainera, boto-opari baten baitako boto-oparia da; izan ere, Pedro de Llanok, esker onez, agindu zuen Soroskundeko Andre Mariaren ermita eraikitzeko eta koadroa han jartzeko; beraz, teknikoki, eraikina bera elementu botozkoa da bere horretan.
Beraz, Llano abizena berriro agertzen da jarrera botozko batean, Pobeña lotuz San Julianekin, ez boto-oparien eskaintzaile izanez bakarrik, Muskizko marinelen leinuen ariman tradizio beraren funtsa betikotzeagatik baizik.
Ermitan badago, halaber, “El Habanero” izeneko brigantin baten maketa, sabaitik zintzilik, baita hainbat eskaintza eta apaingarri itsastar ere, itsas izaera gozagarria ematen diotenak santutegi txikiari.
Itsas historiaren eta antropologiaren ikuspegitik, garrantzi handia du San Julian-Pobeña ardatzak, euskal geografiako eta, seguru asko, penintsulako leku bakarra baita itsas botooparien tipologia nagusiak batzen dituena. Kontuan hartu beharra dago, gainera, horietako batzuen informazio dokumentalak aukera ematen digula herriko itsasgizon handiek bizitako balentriak eta gertaerak gogora ekartzeko. Boto-opariek eta, oro har, ondareak herri baten memoria kolektiboaren oinarri gisa duten garrantziaren erakusgarria.
Euskal kostaldeko beste grafito batzuk
Itsas grafitoen tradizioa oso hedatuta dago mundu osoko itsas kulturaren esparruan, eta oso ugariak dira Europako alderdi atlantikoan, kontinentean zein uharteetan. Batzuk ez dira jarrera botozkoan oinarritzen; itsas praktika tipiko bat betikotzen dute. Hain zuzen ere, badira balea- edo orka-hezurretan zizelkatutako itsasontzi irudiak eraikin zibiletako ateburuetan –elementu iraunkorrei dagokienez–, baina jakina da, halaber, ohikoa zela larruan eta marinelen kutxetan itsasontzia bera erakusten zuten grabatuak egitea.
El Puerto de Santa María herriko “Itsasgizonen Memoriala” monumentuan ikus daitekeenez, ohitura zen itsasgizon batzuek beren itsasontziaren irudia marraztuz sinatzea. Une garratzenetan ere, atzerriko ziegetan giltzapetuta, ontziaren silueta ziegako horman grabatzeak irudimenaren bidez eramaten zuen presoa, itxuraz, egun aske urrunetara, eta itxaropen izpi bat ematen zion. Adibide bikain bat bada Euskal Herritik oso gertu, Arroxelako portuan, Linternaren Dorreko espetxean: han ostatu hartuta egondako “maizterrek” itsasontzien siluetak grabatu eta zizelkatu zituzten hiru mendez.
San Juliango ateko grafitoak aurkitu ziren arte, ohitura horren erlijio irudikapen bakarrak –ez zibilak– Gipuzkoan zeuden, Pasaian eta Getarian.
Bonantzako Kristoren basilika Pasai Donibanen dago, kokaleku estrategiko batean, itsasertzean eta Pasaiako badiako irteeran. Itsasaldia hastera zihoazen marinelek herriko eraikin hura ikusiko zuten azkena, seguru asko. Ez da harritzekoa, bada, mendebaldeko fatxadan, itsasora ematen duen fatxadan, ate zakar bat egotea, “Lintxua” izenekoa, merkataritza itsasontzien grafitoz betea, herritik abiatzen ziren marinelek eginak, seguru asko, zeharkaldi on bat eskatzeko elementu botozko gisa.
Han irudikatutako itsasontziak, batzuk zehatzak eta beste batzuk zirriborro hutsak –San Julianen gertatzen den bezala–, José Manuel Sustetak aztertu zituen, eta XVIII. eta XIX. mendeetako ontziei dagozkie gehienak. Brigantinak, fragatak, pailebotak, kuterrak eta garai hartako merkataritza eta arrantza nabigazioan ohikoak ziren beste tipologia batzuk.
Getariako San Prudentzio ermita herrigune historikotik hurbil dago, Santiago Bidearen kostaldeko alderdian. XV. mendekoa da eraikina, eta garai hartako nekropoli bat aurkitu zuten bertan.
Nahiz eta San Prudentziok ez duen bere hagiografian itsasoarekin eta marinelekin lotutako inolako pasarterik, bertako marinelek oso maitea dute haren ermita. Barruan, itsas boto-opariak daude gangatik zintzilik, eta Juan Sebastian Elkano nabigatzaileak testamentuan aginduta utzi zuen urrezko dukerri bat ermitarako: mando á la iglesia de San Prudencio, ques en la jurisdicción de la dicha villa, un ducado de oro. Dirudienez, Elkanoren xedapen askorekin gertatu zen bezala, haren borondatea ez zen bete; hala ere, testamentuan ermita hori aipatzeak argi erakusten digu itsas tradiziokoa zela.
Elizara sartzeko bi ate daude. Txikienean, arkupe txiki baten azpian, tipologia zehaztugabeko itsasontzi baten silueta zizelatua igartzen da, atoian daramala ontzi txiki bat. XVIII. edo XIX. mendeko grabatua izango da, seguru asko. Ateko grafito bakarra da.
Hasierako hipotesia
Zenbait lagun beren izenak garaipenaren sinboloaren irudiaren eta belaontzien irudien alboan idaztera benetan zer arrazoik bultzatu zituen jakitea ezinezkoa izango da, agian. Baina hauxe bide da hipotesirik onargarriena: itsasontzi batzuentzako eta garaipenen bat lortzeko bidea eman zezakeen edo eman zuen egitasmo luzaz desiratu batentzako bedeinkazioa eta babesa bilatzeko ekintza izatea.
Ez dakigu grafitoak egin zituzten Llano edo Urkixo haiek ontzi berriak lortu ote zituzten, handiagoak, edo merkatu berriak topatu ote zituzten; zenbait armadorek merkataritza ahalegin berean indarrak batu izana ospatzen ari ote ziren; edo itsasoarekin loturiko beste gertaera aipagarriren bat ospatzen ari ote ziren. Hipotesi guztiak daude interpretazio berrietara zabalik. Baina gauza bat esaten digute grafitoek argi: Muskizko marinelek gertakari adierazgarriren baterako babesa eta garaipena bilatzen zutela.
Grafitoak San Julian elizan egoteak zentzu osoa du; izan ere, San Nikolaseko Nabigatzaileen Kofradiaren egoitza zen. Garai hartan, San Nikolas zen merkataritzako marinelen babesle eta patroi santua, eta, hain zuzen ere, kofradia hartako kide ziren Llano eta Urkixo etxeak, sorreratik bertatik.
Dokumentu iturriek, gainera, berri interesgarriak eskaintzen dizkigute, hala nola 1810ean “San Jose/Los Cuatro Hermanos” izeneko ketxemarinari buruzkoa. Jose Ramon Momeñe zuen kapitain, eta Llano etxekoa zen haren jabe eta armadorea: Nicolás Antonio de Llano, Muskizko bizilaguna. Itsasontziak Muskiz, Santoña eta Suances artean nabigatzen zuen aldian-aldian. Llano abizenaren inskripzioa Nicolasek egina ote da? San Juliango ontzietako bat “San Jose/Los Cuatro Hermanos” ote da? Baliteke hori inoiz ez jakitea, baina aukera interesgarri bat irekitzen du.
Edonola dela ere, San Juliango grafitoek, San Julian-Pobeñako boto-oparien multzoaren parte izanik gainera, itsas ondare paregabea dira, aniztasun, aberastasun eta esanahiagatik, eta, erantzunak baino galdera gehiago planteatuta ere, ikerketa historikorako eremu bikaina irekitzen dute. Itsas boto-opariek, apaingarri izaera alde batera utzita, beren baitan gordetzen dute ez soilik gure arbasoen oroimenaren zati bat; orobat dute eta beste elementu artistiko batzuek ez bezalako karga emozional eta sentimental bat.
Merezi du gure arbasoei aditzea, haien beldurrak eta garaipenak partekatzea, ikusten dugun bitartean ketxemarin zoragarri bat haize oihalak jasotzen eta Barbadun ibaian behera dotore jaisten, fortunaren baten bila edo galbidera, agian, baina, zalantzarik gabe, herri itsastar gisa dagokigun memoriaren norabidea markatzera erabakita.
Zaharberritu aurretik atean grabatutako motibo batzuen xehetasuna.
Itsas hiztegia
Bandaz banda jarri: ontzi baten saihetsaldea beste ontzi baten edo kai baten albo-alboan jartzea.
Alkazar: itsasontziaren atzealdeko ontzigaina, popako gazteluan. Ontzigainik garaiena zen, eta kapitainek eta ofizialek soilik erabiltzen zuten.
Hegal: itsasontzi baten saihetseko gune kurbatua, poparen ondokoa.
Haize-ertz: labana edo triangelu formako bela batek popan duen aldea edo erorketa.
Maspreza: brankatik angelu handiagoan edo txikiagoan irteten den masta. Trinketeko estaiak finkatzeko eta fokeak amulatzeko balio duena.
Txanberga: masprezaren osagarri den masta.
Katabatiko (haizeak): mendi hegaletatik edo horien arteko arroiletatik beherantz jaisten diren haizeak, norabide eta intentsitate aldakorrekoak.
Trapa: itsasontzi baten mastaren sekzioen arteko plataforma. Abenkak tinko atxikitzeko balio zuen, baita marinelen zelatari-puntu gisa ere.
Txalupa: ontzi arina, osagarri gisa erabilia.
Estaia: masta edo masterdi bati eusten dion soka edo kablea, popara eror ez dadin, eta dagokion mastaren izena hartzen du.
Soka-mailak: sokaz osatutako sare bat, zeinak, abenketara lotuta egonik, mastetara igotzeko eskailera bat sortzen duten.
Foke: triangelu-formako bela bat, masprezean eta trinketean luzatzen dena.
Gabia: karratu-formako bela bat, masterdi batean luzatzen dena.
Gabia irten:: karratu-formako bela bat, ez-finkoa, ohiz kanpoko moduan luzatzen dena.
Luze (soka): brankatik edo popatik hasita ontzia lurrera lotzen duen kablea edo soka.
Nagusi (masta): ontzi baten masta nagusia.
Gabiako masterdia: ontzi baten mastaren bigarren zatia, osoko mastaren gain-gainean zegoena.
Mesana: hirugarren masta. Ontzi bateko azkena, brankatik popara begiratuta.
Abenka: mastak itsasontziaren alboetara lotzen dituen kablea, soka-mailaren ondoan mastetara igotzeko eskailera bat egiteko aukera ematen duena.
Osoko masta: ontzi baten mastaren lehen zatia, ontzigainetik hasita.
Patatx: brigantin gisa tresnatutako ontzi txikia.
Popa: itsasontzi baten atzeko muturra.
Bular: gilaren luzapena ontziaren brankan. Bularrak ematen dio sendotasuna brankari, eta itsasoaren presioari eusten dio nabigatzeko orduan.
Saihetsaldeko amarra (soka): itsasontzia saihetsaldetik perpendikularki lotzen duen soka.
Haize bultzatzailea: ontzia popatik edo hegaletik bultzatzen duen haizea.
Esprin edo spring: brankatik atzealderantz edo popatik aurrealderantz luzatzen den amarra.
Popagain: alkazarraren atzealdea, poparantz dagoena.
Trinket: hiru mastako ontzietan, brankatik edo popatik begiratuta lehenengo dagoen masta.