San Juliango talaiatik

Eliza, kontzejua, nabigatzaileak, portua… eta patronoak

Don Sancho Ortiz Marroquín fue criado desde pequeño de don Diego López el Bueno, Señor de Vizcaya. E por muchos serviçios que le fizo en toda su moçedad, espeçialmente en la batalla… de las Navas de Tolosa, diole los monesterios de Sant Julián de Musques e de Sant Román de Çierbena e la prebostad e peaje del puerto de Sant Martín, que son en Somorrostro.

1212. urte inguruan gertatu zen hori. Antso Ortiz Marrokinek San Juliango monasterioa jaso zuen, besteak beste. Edo, beste era batera esanda, elizaren patronatua: hark kobratuko zituen elizaren hamarrenak, eraikina mantentzearen eta hango apaizei ordaintzearen truke. Patronatua ez zen ekonomia kontu soila. Patroiak izendatzen zituen elizako apaizak, eta horrek aukera ematen zion bere aldekoak edo senideak izendatzeko eta, bide horretatik, fededunen gaineko kontrol soziala ezartzeko; pulpitutik, erraza zen jendea doktrinatzea, eta, hala behar izanez gero, Jainkoaren justiziaren bidez zigortzea, garai hartan justizia zibila bezain eraginkorra baitzen. Eta patroiak bere gizarte nagusitasunaren erakusleiho modura baliatzen zuen eliza: haren armarriak ageri ziren horma edo erretauletan, aldaretik hurbileneko eserlekua zuen, hark hartzen zuen jauna aurrena eta buru joaten zen prozesioetan. Hala, bada, ez zen diru kontu soila: jauntxoen kontrolarekin eta irudiarekin ere zerikusia zuen. Eta hori funtsezkoa zen Erdi Aroaren amaierako leinuetako ahaide nagusientzat. Handik gutxira, Muñatones etxearen esku gelditu zen patronatua, ezkontza bidez, eta ondoren eskuratu zuten Salazar etxekoek eta, amaitzeko, Villaríasko markesek.

J. E. Delmasen grabatua; Muñatonesko Gaztelua irudikatzen da, eta, atzean, San Juliango eliza (1846).
San Juliango elizaren ikuspegia, erriberetatik; han zegoen Lavalleko portua.

San Juliangoa zen, garai hartan, udalerriko parrokia bakarra. Eta herritar guztientzako erreferentzia. Identitate ikurra. Hain zuzen ere, hark ematen zion izena herriari berari: Conçejo de San Julián de Muskiz. Bertan egiten ziren auzo batzarrak eta garrantzizko ekitaldi publikoak. Esaterako, 1716an herritarrek Lavalleko portuaren erabilerari buruzko ordenantzak idazteko egindako bilkura:

en el puesto del Cruzero de este conzejo de San Julian de Musques… que es el sittio lugar donde tienen de costumbre de ynmemorial tiempo a esta partte juntarse los vezinos cavalleros escuderos hijosdalgo de dicho conzejo para tratar y comferir las cossas combenientes a el servizio de Dios nuestro señor y de la cattholica y real magestad nuestro rey y señor (y al) vien y utilidad de los dichos vezinos.

Garai hartan, Cruzero ez zen gaur egun izen hori daraman tokia, San Juliango elizaren oinetan dagoen gurutzea baizik. 1550 inguruko lan bat, zeinetan ageri baitira, Kristoren eta Ama Birjinaren ohiko irudien azpian, beste bi pertsonaiaren irudiak: agian, San Julian bera eta haren bikotekide Santa Basilisa. Han zuen egoitza, halaber, udalerriko erakunde ekonomiko nagusiak: Cofradia de Mariantes de el Señor San Nicolas, sitta en la yglesia parrochial de este consejo. Herriko gainerako parrokiak, San Juan del Astillero eta Pobeñako San Nikolas, askoz ere beranduago eraiki zituzten, XVIII. mendean. Eta benetako premia erlijioso batek bultzatuta baino gehiago, la Quadra etxekoek –sustatzaileek– Salazar etxekoekin gizartean gailen agertzeko zeukaten lehiagatik eraiki zituzten: izan ere, etxe hartakoek ere nahi zuten eduki «beren» eliza. Baina eliza berri haiek gorabehera, San Julian izan zen aurrerantzean ere eliza nagusia, besteen buru zegoena.

Muskizko Kontzejuaren mendeetako bilgune enblematikoa izan zen San Juliango gurutze azpian modu lasaian pausatzen ari diren bertakoen irudia.
San Juliango elizaren aurrean dagoen gurutzea 1550 inguruko harribitxi errenazentista da.
Kristo gurutziltzatua, eta azpian, seguru asko, San Julian.
Santa Maria, eta azpian, seguru asko, Santa Basilisa.

Patronoen ardura zen eraikina eta hango apaizak mantentzea, baina, dirudienez, Salazar etxekoek ez zituzten betebehar horiek oso zuzen betetzen. Fededunen eta Udalaren kexa asko izan ziren, salatuz eliza utzita zegoela, eta apaizak ere soldatari loturiko gorabeherez kexu agertu ziren, maiz auzitara iristeraino. Hain zuzen ere, 1720an, korregidoreak –gobernadore zibilaren moduko kargua zuen– eliza ikuskatzeko agindu zuen, eta, (hallose que estava en el mas miserable estado, y con una suma indecencia), agindu zuen hamarrenen bi heren bahitzea, eliza konpontzeko.

Kontzejua, bestalde, saiatu zen tenplua mantentzen laguntzen. Dirudienez, parrokiari laga zion bere diru iturrietako bat 1600 inguruan: Lavalleko portuaren errentamendua. Hau da, portuaren bidez esportatzen zen burdin minerala pisatzeagatik kobratzen zena. Horretarako, bi balantza zituen parrokiak han, beti prest. Udalak XIX. mendearen erdialdean berreskuratu zuen eskubide hura, Elizaren gogoz kontra.

Baina patronoekiko auziak ez ziren elizaren eta apaizen mantenuari buruzkoak soilik izan. Auzokoei nahiz elizgizonei jasangaitzak gertatzen zitzaizkien Salazar etxekoen ohoreak eta gailentasuna. Batez ere, ez zuten begi onez ikusten familiaren titularrak jarleku berezi bat izatea gainerako eliztarrak esertzen ziren bankuak baino gertuago presbiteriotik –edo, bestela esanda, Jainkoarengandik–.

Berez, egia esan, halaxe izaten zen patronatuko eliza guztietan. Baina San Julianen, absidean bertan zegoen jarlekua, apaizen jarlekuen altuera berean, eta hori ez zen batere ohikoa. Izan ere, tenpluaren burualdea hain txikia izanik, bete egin behar izan ziren presbiterioa kokatuta zegoen tokiko eskailera mailak, plataforma bat sortzeko eta plataforma horren gainean kokatzeko delako jarlekua, segurtasun osoz (con toda seguridad y desençia). Eta, gainera, oholtza bat zegoen haren ondoan, alfonbra batez eta burkoez hornitua, non leinuko emakumeak etzaten baitziren –ez eseri– moriskoen modura. Guk dakigula, ez zegoen halakorik Bizkaiko beste inongo elizatan.

Hala, 1649an, agintariek eta auzotarrek bat eginik, jarlekua eta oholtza kendu, eta errotulu bat jarri zuten ate baten gainean, beren burua patroi izendatuz (un rretulo sobre una puerta por de dentro llamándose patrones). Hain zuzen ere, honela zioen errotuluak: “Esta yglesia y sus capillas an fabricado y sustentado desde su primera fundación asta oy los veçinos deste Conçejo como dueños della”. Beraz, zalantzan jar-tzen zuten Salazarkoen patronatua. «Jabetza egintza» gisa, kontzejuaren armarria margotu zuten tenpluko hormetan: hiru dorreko gaztelu bat, txakur bat duena atetik zintzilik, alde batean lehoi zutitu bat eta bestean beste lehoi bat edo bi otso zuhaitz baten gainean –Bizkaiko armarrian bezala–, eta, erremate gisa, koroa bat eta garrote bat. Orobat margotu zuten oinaldeko atearen gainean beste armarri bat, itsasontzi altu bat irudikatzen zuena bergak gora jasota. Cofradia de Mariantes de el Señor San Nicolas kofradiaren ikurra bide zen, seguru asko. Gainera, burualdean gehitu zuten San Pedroren armarria, elizaren babesa eskatuz agian: lauki eta hondo zurian, bi giltza, gainean dutela mitra bat (en quadro y campo blanco dos llaves y una mitra encima).

Muskizko udalerriak XIX. mendearen erdialdera berreskuratu zuen Lavalleko portuaren “errentatzea”; ordura arte, elizaren esku zegoen. Aldaketatestuinguru horretan sartzen da José Ramón de Momeñeren erreklamazioa –San Juliango auzotarra bera–.
1802ko kanpaiak, San Julian eta Santa Basilisaren omenezkoak; jatorrian tenpluaren ko-titularra izango zen.

Irain hura zela eta, Salazar etxekoek salaketa jarri zuten, eta epaile ikertzaile bat (juez pesquisidor) bidali zuten Valladolideko Kantzelaritzatik, Bizkaiko auzietarako auzitegi nagusitik. Epaileak arrazoia eman zion leinuari, eta gogor zigortu zituen ustezko erantzuleak, udaleko kideak. Antso Musquesi 100.000 marabediko isuna jarri zioten –dirutza itzela–, eta lau urteko erbesteratzea Somorrostrotik lau legoara (22 kilometro inguru). Beste bost bizilagunek 10.000 marabedi ordaindu behar izan zituzten, eta bi urteko erbestealdia jasan bi legoa baino gehiagora; beste hiruk, 6.000 marabedi ordaindu eta Muskiztik urtebetez erbesteratu. Gainera, epaiketaren kostuak ordaindu behar izan zituzten, eta ez ziren merkeak izango. Zigor eredugarria, zinez.

Eta, jakina, kontzejuaren patronatuari buruzko errotulua eta ezkutu guztiak ezabatzeko agindu zieten. Eta jarlekua eta oholtza berriz jartzeko ere bai. Prozesu guztia amaitu ondoren, Antonio José de Salazar Muñatones elizara joan, eta bere aulkian eseri zen, non egon baitzen denbora luzez. Zalantzarik gabe, gogotik gozatu zuen bere garaipena.

Kontu hau aipatu dugu datu garrantzitsu bat ematen digulako, berez duen interesetik haratago: udalerriko jatorrizko armarria deskribatzen digu (1900 inguruan Labayruk Muzquiz leinuaren –ez udalerriaren– berezko armarri gisa deskribatzen zuena da gaur egungoa).

Ezkutu hura ezabatzeko agindu zuen epaileak… baina ez zen ezabatu. Ezkutuak igeltsuz estali ziren, eta, harrigarria bada ere, haietako bat kontserbatzen da oraindik, zati bat behintzat: koruaren gainean dago –1649an ez zegoen korurik–, hegoaldeko horman. Eta azpimarratu behar da horixe dela, Erandiokoaren eta Bilbokoaren ondoren, Bizkaian kontserbatu den udal armarririk zaharrena, herriaren historiarako ikur berezia; beraz, garrantzitsua litzateke oraindik ere kontserbatzen dena berreskuratzea.

Bestalde, ezkutuak ezabatu zituzten (estali, hobeto esanda), eta jarlekua eta oholtza berriro jarri. Baina haserreak berean jarraitu zuen: behin eta berriz gertatu ziren sinbolo horien aurkako erasoak, nahiz eta Salazar etxekoek beti salaketa jarri eta auziak irabazten jarraitu. Azkenik, 1751n, Errege Kontseiluak erabaki zuen Muskizko patronatua erregearena zela, eta ez partikularrena. Berriz ere protesta egin zuten Salazarkoek, eta luze jardun zuten auzitan –Koroarekin, oraingoan–, baina ez zuten irabazterik lortu. Patrono berria erregea zen. Ez zion kontzejuari mesede handirik ekarri, halere, erregeak beste partikular batzuei eman baitzizkien patronatu eskubideak: lehenik Joan Escoiquizi, Fernando VII.aren irakasle izan zen kalonjeari, gero Salazarkoei, hiru belaunaldiz, eta, azkenik, Bilboko Miserikordia Etxeari.

Bistakoa da San Juliango elizaren, kontzejuaren, auzokoen, itsasgizonen, portuaren beraren eta mineralaren esportazioaren arteko harremana. Garai hartan, alderdi erlijiosoaren eta laikoaren, pertsonalaren eta profesionalaren arteko mugak ez ziren orain bezain markatuak: tenplua guztiaren eta guztien sinboloa zen. Hala, hari sostengu ekonomikoa ematearen alde egin zuten, baina han defendatu zuten, halaber, Bizkaiko foruak berresten zuen kaparetasun unibertsalaren berdintasunezko kontzeptua, patronoek ez baitzioten, itxuraz, hari men egiten.

Kontzejuaren eta elizaren arteko identifikazioa hain izan zen estua, non kontzejuak erreklamatu baitzuen elizaren patronatua, eta markatu, bere armarriaz.

Kontzejuaren armarria –tenpluaren horman 1649an margotua–, 2006an zegoen moduan. Hiru dorreko gaztelu bat ikus daiteke, lumadun koroa batek errematatua; ezkerrean, lehoi zutitu bat, eta azpian, ia ezabatuta, txakur bat zintzilik. Inguruan, lumak eta motibo geometrikoak.
Gaur egun, armarria nabarmen hondatuta dago.

Artea eta debozioa

San Juliango elizako ateetan grabatutako itsasontzien irudiak elementu berdingabea dira Bizkaian, eta oso urria Kantauriko kostalde osoan. Horregatik besterik ez bada ere, bereziki aintzat hartzekoa zen eliza. Baina ez da hori eraikinaren balio bakarra. Alde batetik, ikusi dugu San Juliango eliza ezinbesteko elementua dela Muskizen historia uler-tzeko. Bestetik, neurriz xumea bada ere, kalitate handiko eraikina da; asmo handikoa dela esan genezake, bai arkitekturari dagokionez, bai elementu higigarriei dagokienez ere. Eta, horrexegatik, harrigarria gertatzen zaigu gaur egun erdi-aurri bihurtuta egotea: elizaren ia erdiak galduta ditu teilatua, gangak eta hormen zati handi bat.

Kontzertu sarrerak
Garai bakoitzak bere idazkera du. Grafiaren arabera, San Juliango inskripzio hauek estilo berantiar barrokoan kokatzen dira eta irudikatutako itsasontzien kronologiarekin bat datoz.
Kontzertu sarrerak
San Juliango elizaren hegoaldeko fatxadan, tenpluaren burualdea ikusten da, erdi-aurri bihurtua dagoena.
Kontzertu sarrerak
Gangako giltzarria, motibo geometrikoekin eta landare-motiboekin apaindua.
Kontzertu sarrerak
Ganga honek elizaren bigarren zatia estaltzen du; gaur egun, zati hori ez dago ikusgai jendearentzat.

Elizara hurbiltzean, deigarria gertatzen da eroritako zatiaren materialaren (harlandua) eta zutik dagoenaren (harlangaitz kareztatua) arteko kontrastea, nahiz eta izkinetan, ateetan eta leihoetan ere harlanduak dituen. Desberdintasun horrek aditzera ematen du fase bat baino gehiagotan eraiki zutela eliza. Aurreratu dezagun, eraikinaren deskribapena hobeto ulertu ahal izateko, lehen etapan –1500 inguruan– altxatu zutela, gutxi gorabehera, gaur egun zutik dirauen zatia, estilo gotikoan. Mende bat geroago, eliza handitu zuten, estilo errenazentistan, gaur egun eraitsita dagoen zatia gehituta. Geroago, XVII. mendean, dena gangatu, leihoak ireki eta korua eta dorrea eraiki ziren. Zatika eraikitako eliza bat –ia guztiak bezala–.

Eraikinaren parte erabilgarriak eraikuntza sendoa izateko itxura ematen du, gurutze formako pilastra sendoak baititu, nerbio konplikatuz hornituriko gurutze gangei hasiera ematen dietenak. Giltzarriak –nerbioen elkarguneko pieza biribilak– lauak dira, baina margotuta bide zeuden garai batean, sabai eta horma guztiak bezala. Hurrenez hurreneko polikromia geruzak nabari dira, baina, dirudienez, zaharrena harlandu faltsu bati dagokio, zeinaren gainetik ageri baitira gai geometrikoak eta landare gaiak horma eta ganga batzuk zeharkatuz. Eta kontzejuko armarria, 1649an bertan margotua. Geroago, pintura horiek beste batzuez edo, besterik gabe, igeltsuzko geruzez estaliko ziren.

Kontzertu sarrerak
Korupeko gurutze-ganga polikromatua.
Kontzertu sarrerak
Hormako antzinako margolanen aztarnak: lore-sorta horren gainean, gerora, harlanduzko lanen imitazio bat margotu zen.
Kontzertu sarrerak
1500 inguruko sarrera nagusia; dorrea osatzen duen arkupeak babestuta dago.
Kontzertu sarrerak
Hegoaldeko atea, dinteldua; goiko angeluak barrokoko “belarri” esanguratsuez nabarmenduta ditu. Atearen orrietan kontserbatu da itsas grafitoen multzo paregabe hau.

Elizara sartzeko bi portada daude. Oinaldekoa da zaharrena: gotikoa da, 1500 ingurukoa, zorrotza, eta hiru arkibolta molduratu ditu. Beste atea, hegoaldekoa, dinteldua da, moldura lauak ditu, eta goiko angeluak «belarriez» nabarmenduta ageri dira. Barrokoa da, XVII. mendekoa, baina, berez, arku formako beste ate bat izan zuen aurrekari, zeinetatik aprobetxatu baitziren pieza batzuk oraingoak gainean duen deskarga-arkuan (non, bide batez, leiho biki zorrotz gotiko baten zati bat erabili baita betegarri gisa). Ate horrek gordetzen ditu egurrezko orriak, grabatuta dituztenak itsasontzien grafitoak eta beste motibo batzuk.

Eliza argiztatzeko, leiho ugari daude, gehienak dintelduak. Koruko biek eserleku zizelkatuak dituzte ate-zangoetan, eta horrek pentsarazten digu tenpluko zaharrenak bide direla, 1500 ingurukoak, baina XVII. mendean eraldatuak, berrien berdinak izateko.

Korua elizaren azken atalaren azken atalaren gainean dago, hiru ataletan banatzen duten pilastrek eutsirik. Behealdean gurutze gangak errepikatzen dira, baina giltzarriak margotuta, oraingoan.

Dorrea oinaldean dago; gorputz baxua du, harlanduzkoa, zirkuluerdiko arkuetan irekia eta gurutze ganga batez estalia. Giltzarriak apaingarri du erliebe bat, non ikusten baitira kaliz bat eta ostia, bi sahats hostoren artean; baliteke Muñatones etxearen –garai bateko patronoen– urruneko aipu bat izatea, halako hamar hosto baitzituen haien armarriak.

Dorre horren barruan, horman txertatuta, erdi puntuko hiru baoko kanpai horma zahar bat dago: elizako aurreko kanpandorrea da. Beste behin ere, tenpluaren eraikuntza faseak nahasian ikusten dira hor.

Coro
Oraindik erabiltzen den tenpluaren zatia: oinaldeko bi atalak, korua pilare sendoen gainean dagoela.
Reloj de sol
San Juliango dorrean dauden eguzki-erloju bietako bat.
Pietate hau, 1510 ingurukoa, tenpluko imajinarik zaharrena da.

Kanpoaldean, bi eguzki erloju eta erlaitz nahiko irten bat daude, dorrearen azken atalari bide emanez; azken atalean, kanpaientzako hutsuneak daude, erdi puntukoak.

Eraikinaren inguruan, elizpe baten aztarnak gelditzen dira. Harrizko pilastrek, garai batean hormatxo batez lotuek –oraindik zerbait geratzen da zutik iparraldean–, leihoen parean geratzen zen isurki baten azpian egokitutako teilape bati eusten zioten, leihoak erditik moztuz (zeinak erakusten baitu elizpea baino lehenagokoak direla).

Sakristia bat egon zen, XVI. mendetik gutxienez; baina, oso egoera txarrean zegoenez, 1830ean erabaki zen beste bat egitea hegoaldeari atxikita, lehen zatian; gaur egun desagertuta dago hori ere. Sakristia zaharretik (sacristía vieja; hala ageri da dokumentuetan) zerbait geratzen da: burualdeari itsatsitako oinplano poligonaleko espazio bat, non oraindik ikusten baitira gangen abiaguneak eta hormetako pintura hondarrak. Eta eskuak garbitzeko harraska bat, konketa bat izan bide zenaren azken hondarra.

San Julian elizaren historia Bizkaiko beste askorenaren antzekoa da. 1212an, patronatua Juan Sánchez Marroquini laga zitzaionean, tenplu erromaniko bat bide zegoen han. Baina 1500 inguruan berregin zuten, hazkunde demografikoak eliza handiagoak eraikitzeko premia sortu zuelarik, zeina egin ahal izan baitzen merkataritzak eta burdinolek lurraldeari ematen zioten aberastasun izugarriari esker.

Coro
Titularra, San Julian, harrotutako kapa bat soinean duela. 1700. urte ingurukoa da irudi barroko hau, eta berriz ere polikromatu zen XX. mendean.
Reloj de sol
Korura sartzeko eskailera hau gangatila estu batek estaltzen du; kasu bakarra da Bizkaian.

XVI. mendeko lehen urteetakoak bide ziren oinaldeko portada eta kanpai horma –1503an lanak egiten jardun zuten bertan–, hormen zati bat, koruko leihoen barruko eserlekuak eta berrerabilitako elementuren bat, hegoaldeko portadaren gainean ageri den leiho biki zorrotzeko errematea kasu. Baina eliza txiki geratu bide zen, eta, XVI. mendearen amaieran, burualdetik zabaldu zuten, lehenengo zatia eta beste abside bat gehituta.

Horiek izan ziren eraikinaren bi eraikuntza etapa nagusiak. Baina gero xehetasunak gehitu zitzaizkion. XVII. mendean, esaterako, tenplua gangatu zen, kanpoko kontrahormak eraiki ziren, eta hegoaldeko atea-leihoak eraldatu. XVII. mendean bertan, korua eraiki zen. Eta, 1686an, dorrea eraiki zuen Francisco de La Pedrosa hargin kantabriarrak. XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, zaharberritzeak eta konponketak egin ziren, baina elizaren irudia apenas aldatu zen, 1830ean beste sakristia bat eraiki zelako izan ezik, beharbada arkupea eraldatzeaz batera.

XX. mendearen lehen erdian, ordea, hainbat gorabeherak kolokan jarri zuten elizaren egonkortasuna: elizaren hegoaldeko errepidearen eraikuntzak, Gerra Zibilaren garaiko bonbardaketek, lurpeko luiziek… Azkenik, 1970 inguruan, zorua hondoratu, eta eraikinaren zati bat behera etorri zen.

Coro
XVI. mendeko bataiarri errenazentista soil eta dotorea.
Reloj de sol
Ama Birjinaren eta ile kizkur harroko Haurraren irudi barroko ederra, 1630 ingurukoa.

Ezbehar hartan, erretauletako batzuk ere jausi ziren, eta beste batzuk erretiratu egin zituzten. Garai bateko altzari ugarietatik irudi solte batzuk baino ez dira geratzen gaur egun. Zaharrena Pietate gotiko berantiar bat da, 1515 ingurukoa. Gainerako tailuak barrokoak dira: Ama Birjina eta San Jose, Haurrarekin; bi Kristo gurutziltzatu; eta titularra, San Julian, 1700 inguruan koka daitekeena, kapari erreparatuz gero –XX. mendean berriro polikromatuta badago ere–.

Gogoan izatekoak dira, halaber, bataiarria, XVI. mendekoa, eta 1802ko bi kanpaiak, San Julianen eta Santa Basilisaren –tenpluaren titularkidea izan bide baitzen jatorriz– omenezkoak.

Eta, jakina, balio bereziko elementu higigarri bat: hegoaldeko ateko egurrezko bi orriak, zeinetan muskiztar batzuk entretenitu baitziren grabatzen Lavalleko portu hurbilean ikusten zituzten itsasontziak, baita bertako bizilagunen balentriei erreferentzia egiten dieten sinboloak eta izen batzuk ere. Guztiz ohiz kanpoko elementua da Bizkaian. Ez dakigu noiz jarri ziren orri horiek, dokumentazioa ez baita oso zehatza. Baina haien egikeragatik eta, batez ere, haietan grabatuta dauden itsasontzien tipologiagatik, XVIII. mendearen erdialdetik XIX. mendearen lehen hamarkadetara bitartekoak direla pentsa liteke.

Gaur, ia erabiltzen ez dela, aurri nolabait erromantiko gisa ageri da Muskizko San Julian. Lortuko ahal du Muskizek haren hondamena geldiarazi eta bere ondare historikoaren elementu adierazgarrienetakoa kontserbatzea.