¿Buscas un libro para leer?
Zer edo zer irakurri nahi?

1

—Vodka! Hori da koktel horrek behar duena!
Barraren izkinatik zetorren gaztigua. Hara itzulikatu ziren Martin eta Luis. Gizon luzanga bat zen, zigarreta ezkerreko eskuan, kopa eskuinekoan.
— Lagundu nahi? —beraiekin biltzeko gonbita egin zion Martinek.
— Dastatzen ez behintzat —armagnacetik ari zen gizona.
Filmaziokoa zen inondik ere, janzkerak salatzen zuen.
Gauerdi irian berebiziko mugimendua zegoen Maisonnave hoteleko kafetegian, hamar egun zeramatzaten errodajekoek han ostatu hartuta. Patton izeneko militar bati buruzkoa zen pelikula, Iruñean eta Ultzaman, eta bereziki Urbasan filmatu behar zutena.
Martin eta Luis ez ziren arrotzak kafetegian, baina amerikanoen etorrerak sarriagotu egin zituen haien bisitaldiak; zerbitzuan ziharduten, argia izan baitzen Gendulain kapitainaren agindua:
— Filmatze lanek irauten duten bitartean libre zaudete kuarteleko betebeharrez. Amerikanoak hornitzea izanen da zuen ardura aurrerantzean.
Espainiako Armadak kontratua egina zuen ekoizlearekin. Bere gain jeep, tanke, kamioi eta gainerako ibilgailuak jartzea; baina ez hori bakarrik, soldadutzan ari ziren txortak ere figurante moduan beharko zituzten amerikanoek.