¿Buscas un libro para leer?
Zer edo zer irakurri nahi?
I
Mandatua
Zeure burua aulkira bota eta, eguneroko ohikeriari jarraituz,
gelako monitore ugariei miaketa egiten hasi
zara. Kamerek auzoko errealitatea islatzen dizute, betiko
menua: ijitoak, beltzak, mairuak, sudakak, putak,
yonkiak... Hor daude pilaturik kale-kantoi eta plazetan,
lokutorio, denda nahiz teterien aurrean. Badirudi
gaur txintxo dabiltzala eta hobeto horrela, lan gutxiago
zuretzat.
Orduak igaro dira, goiza kontsumituz doa gorabehera
handirik gabe eta, azkenik, eguerdi aldera, kameretako
bat Arteta farmaziarantz fokatu duzu. Erlojuari
begiratua eman eta oraindik ixteko apur bat falta
dela konturatu zara, eutsi beharko diozu beste minutu
batzuetan. Denbora ematearren, puten eremuari,Gorte kaleari, egin diozu azken azterketa. Betiko zerritonek
betiko klub ezin miserableagoen inguruan
ematen dute denbora, asper-asper eginda. Azkenaldi
honetan, Espainiako hegoaldetik nigeriar berriak ailegatu
direnetik, konpetentzia handitu eta larru-jotzeak
hamabost eurotan ere lor daitezkeela entzun duzu. Ez
da harritzekoa, jeneroa ikusita: puta nazional batzuk
zure amaren adinekoak dira, beste batzuk yonki eskeletikoak,
eta exotismoa bilatuz gero zer daukazu? Bada
sudaka amorfoak, edo afrikar zikinak... Ez zenuke
zakila horrelako zulo baten sartuko ezta zeharo mozkortuta
ere, urdanga horiei sartuko zeniekeen gauza bakarra
zure pistolaren punta izango litzateke, barruraino
sartu ere, eta gero pum! [...]