Emigrazioaren azpimundua

Sator lokatzak

San Frantziskoko Afrika Txikiaren barna

Gustura eta eroso mugitzen da Jon Arretxe eleberri beltzaren eremuetan. Giro horretan kokatu zituen Xahmaran (2009) eta Tangerko ametsak (2011) nobelak, eta beltzaren esparrukoak dira 2012an 19 kamera lanarekin Toure pertsonaiari buruz hasitako serieko eleberriak ere. Sail horretako bosgarrena da Sator Lokatzak —612 euro (2013), Hutsaren itzalak (2014) eta Estolda jolasak lanek osatzen dute pentalogia— eta aurreko guztiak bezala, Ereinek argitaratu du. Pertsonaia bat eta haren ingurune fisikoa. Bi elementu horiek ardazten dituzte Toure etorkin txiro, pikaro eta gizajoaren istorioak. Bilboko San Frantzisko auzoa, «Afrika txikia» Arretxeren hitzetan, du bizileku eta ibileren paisaia, eta horko kale eta kalezuloen artean egin beharko die aurrean aurkituko dituen arazo guztiei. Baina auzoak ere izan du bere bilakaera 19 kamera-rekin estreinatu zenetik. «San Frantzisko garai batean izan zen kabaret giroko auzo alai bat; gero 1980ko hamarkadan heroina sartu zen, ondoren etorkin txiroak iritsi ziren, eta orain, berriz, nolabaiteko gentrifikazioa ari da gertatzen. Batik bat auzoaren beheko partea, modernoz eta hipsterrez betetzen hasi da. Baina beste aldean bizimodu eskasa duten afrikar, asiar eta hego amerikarrak daude. Koktel berezia da benetan».

Mikel Lizarraldek Berrian argitaratutako kritika osoa irakurri