Goiztiar ala heldu berri?

Feriatzaileak

"Nobela honen ezaugarri nagusia, pertsonaien mintzo txinpartatsua da." Mikel Asurmendi

“Patton” film estatubatuarraren filmaketa lanek Bigarren Mundu Gerra Nafarroara, Urbasa eta Iruñera zehazki, eraman zuten 1969ko udaberrian. Testuinguru horretan kokatzen du Patxi Larrionek estreinako nobela, “Feriatzaileak”. Filmaketa prozesuari berari baino gehiago haren inguruan eta hartaz baliatuta gertatzen denari tiraka, nobelak itxurakerian eta amarruan oinarrituriko kontakizuna dakarkigu. Klixe bihurtu da esatea errealitateak maiz fikzioa imitatu egiten duela, eta ekintza nobela arin moduan irakur daitekeen Larrionen lanak ideia horrekin jolasten du neurri batean. Bestelako irakurketak ere egiteko aukera eskaintzen du liburuak, ordea. Film ekoizle estatubatuarrek armadarekin sinatu duten lankidetza hitzarmenari etekina atera nahi diote Martin Galdeanok eta bere adiskide Luis Urrak, amerikanoei behar duten ezertan laguntzea egokitu zaien eta filmaketa unean soldaduska egiten ari diren unibertsitate ikasleek. Gasolinarekin iruzur egitearekin nahikoa izan ez eta armadako bi jeep eta kamioi bat feriatzeari ekingo diote hurrena. Azken hori prestatzen ari direla negozio potolo baten aukera sortuko zaie eta, arrisku maila bera dezente handiagoa bada ere, ezingo diote muzin egin. Kolpe handirako, filmaren grabaketa taldeko bi lagun, euskal jatorriko Pete Domezain eta Salvatore italiarra, izango dituzte laguntzaile. Anbizioak badu zerikusirik bi gazteen erabakiarekin, baita amarruak aurrera atera ahal izateko aktore sarea zabaldu izanak ere. Parte-hartzaileei ordaindu egin behar zaie, ondo ordaindu behar ere, Martin eta Luis ohartuko diren bezala.

Estibalitz Ezkerrak Garan argitaratutako kritika osoa irakurri